Spock, Benjamin McLane
Estatubatuar pediatra (New Haven, Connecticut, 1903 - 1998). Yale eta Columbiako unbertsitatean egin zituen ikasketak (1929). New Yorkeko Eritegia eta Cornell-eko Medikuntza Eskolan pediatra gisa lan egin eta eskolak eman ondoren, The Common Sense Book of Baby and Child Care (1946, Haurren zaintzaren zentzuzko liburua) idatzi zuen, haurren elikaduran eta zaintzan zorrotzak izateko ohiturak erabat hautsi zituena. Liburuak polemika handia sortu zuen, gazteentzat askatasun handiegia aldarrikatzen zuelakoan; hala ere, eragin handia izan zuen gazteen hezkuntzan, batez ere eskolan. Hurrengo hiru hamarraldietan 30 milioi ale saldu ziren. Aurrerago, Vietnamgo gerraren garaian, Estatu Batuen parte-hartzearen aurkako bake manifestazioetako buruetako bat izan zen. 1972an Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua, Herriaren Alderdia-ren hautagai gisa. Beste zenbait lan aipagarri: Feeding Your Baby and Child (1995, Zure haurra eta semearen elikadura); Teenager’s Guide to Life and Love (1971, Bizitzari eta maitasunari buruzko gida nerabeentzat); Spock on Spock (1989).