Spoerri, Daniel
Errumaniar artista (GalaTi, Errumania, 1930). Bernako Operako lehenengo dantzaria izan zen, abangoardiako antzerki zuzendaria Eugène Ionescoren La Cantatrice chauve lanean 1955ean, Picassoren Désir attrapé par la queue lanarena 1956an, eta Tristan Tzararen Cœur à gaz lanean 1972an. Aita judua zuen eta naziek hil zuten; ama, berriz, suitzarra zuen eta 1942an Suitzara joan zen bizitzera bere familiarekin. 1957an Landestheater-eko laguntzaile izan zen Darmstadt-en, eta urte horretan bertan Material aldizkaria sortu zuen. Tinguely eskultorearekin batera, Anberes-eko Hessenhuis-en autoteatroa sortu zuen. Lan horretan ikusleari eskatzen zion antzezle eta, aldi berean, ikusle izatea. Era horretan, Estatu Batuetan Allan Kaprow-nen happenings-ekin bat egin zuen. 1959an Parisen MAT (Multiplication d’art transformable) sortu zuen. Spoerri lehenengoetakoa izan zen egile ospetsuen lanak argitaratzen eta horrela artelan bakar eta paregabearen kontzeptua indargabetu zuen. 1960. urteaz geroztik errealista berrien taldeko kide izan zen eta Tableaux-Pièges ospetsuak egin zituen: hainbat kontsumoko objektu ordenarik gabe erantsiak. 1968an Düsseldorf-en jatetxe-galeria bat sortu zuen eta bertako sukaldari izan zen. Spoerrik ez zituen bereiztu nahi jarduera artistikoa eta elikadura ardurak, eta kontsumitzailearen kontzientzia zabaldu nahi zuen zentzumen guztiak erabiliaz. 1980ko hamarraldian brontzearen gainean giza gorputzaren inguruko objektuak erantsi zituen: Gorputza zatika (Berlin, 1991) eta Anatomia kabinetea (Paris, 1994). Spoerriren lanen bilduma bat erakutsi zen Parisen 1990ean.