Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sodio

iz. Kim. Metal alkalinoen taldeko gai bakuna, zilarraren kolorea eta distira dituen metala, oso arina eta argizaria bezain biguna (Na; at.-z. 11; at.-m. 22,98). Balentzia 1 da. Ez du isotoporik eta oso erreaktiboa da. Izadian dauden gai bakunen artean seigarrena da ugaritasunari dagokionez. Pisu espezifikoa 0,96 g/cm3 du; 97,6 °C-tan urtzen da, eta erraz oxidatzen da airean. Hutsean itxitako ontzietan, edo nafta edo antzeko isurkarietan gordetzen da. Sodio kloruroaren eta kaltzio kloruroaren nahastura urtu baten elektrolisi bidez lortzen da. Beroaren oso eroale ona da, eta bero asko xurgatzeko gai da. Urarekin bortizki erreakzionatzen du hidrogenoa eta sodio hidroxidoa eratuz, eta bero kopuru handia askatuz. Hori dela eta, ez du inoiz ura ukitu behar. Halogenoekin, oxigenoarekin eta beste ezmetal batzuekin oso erraz eratzen ditu konposatuak; metal batzuekin ere, merkurioarekin eta berunarekin batez ere, aleazioak eratzen ditu. Tetraetilberuna, sodio hidruroa, sodio peroxidoa eta beste gai organiko eta inorganiko ugari ekoizteko, titanioaren eta zirkonioaren ekoizpenean erreduzitzaile gisa, kautxu sintetikoaren polimerizazioa katalizatzeko, laborategiko erreaktibo gisa, erreaktore nuklearrak hozteko eta abar erabiltzen da. Sodio ioia ezinbestekoa da gizonaren eta animalien bizitza funtzioetan; horiek sodio kloruro gisa hartzen dute ingurunetik. v Sodio bikarbonatoa (NaHCO3). Uretan urtzen diren hauts edo kristal eran agertzen da. Aire lehorrean egonkorra da, baina erraz deskonposatzen da aire hezean. Gatzak, ur mineral artifizialak eta gasa duten edariak ekoizteko, laborategiko erreaktibo gisa, larruen industrian, artilea eta zeta tratatzeko, suhiltzaileen tresnetan, gurina kontserbatzeko eta abarretarako erabiltzen da. v Sodio karbonatoa. Soda (Na2CO3). Hauts zuri gisa agertzen da. Oso erraz urtzen da uretan. Lurpeko biltegi naturaletatik edo Solvay prozesuaren bidez lortzen da. Karekizko eta sodazko beirak lortzeko lehengaia da, eta horretara bideratzen da sodio karbonato gehiena. Gai kimikoak, xaboiak, detergenteak eta abar ekoizteko, ura tratatzeko, eta bauxitatik aluminioa lortzeko ere erabiltzen da. v Sodio kloruroa. Gatz arrunta edo sukaldeko gatza (NaCl). Ezagutzen den gatzik ugarienetakoa da. Itsasoko urak asko du (% 2,6), eta lurpeko biltegietan ere aurkitzen da. Kristal koloregabe edo kristal erako hauts zuri gisa agertzen da. Oso erraz urtzen da uretan, eta disoluzio elektrolitiko bat eratzen du. Gatzagetako uraren edo itsasoko uraren lurruntze bidez lortzen da. Elektrolisi bidez kloroa eta sodio hidroxidoa lortzeko, eta Solvay prozesuaren bidez sodio karbonatoa lortzeko erabiltzen da. Beste gauza batzuetarako ere erabiltzen da: metalurgian, erreaktore nuklearretan, medikuntzan, argazkigintzan, xaboiak ekoizteko, etxeetara eraman behar den ura biguntzeko, janariak ontzeko eta kontserbatzeko, errepideetako izotzak urtzeko, ioi trukatzaileak dituzten erretxinak berriztatzeko eta abarretarako. v Sodio nitratoa (NaNO3). Kristal garden koloregabe gisa agertzen da, eta erraz urtzen da uretan. Txileko nitratoa ere deitzen zaio. Erabat garbia ez den sodio nitrato naturala da. Industrian ere lortzen da azido nitrikoa eta sodio karbonatoa erreakzionaraziz. Oxidatzaile indartsua da, eta gai organikoen inguruan ez da erabili behar, sute arriskua baitago. Igurtziten denean edo kolpe bat jasatean su hartzen du. Pozoitsua da. Oxidatzaile, hoztaile, espazio ontzien bultzatzaile eta ongarri gisa, beira, poxpoloak, dinamita, suziriak, koloregaiak, botikak, sodioaren gatzak, nitratoak eta abar ekoizteko, janariak kontserbatzeko, haragiak ontzeko eta abar erabiltzen da. v Sodio perkloratoa (NaClO4). Airean dagoen ura erraz xurgatzen duten kristal zurietan agertzen da. Azido sulfurikoa edo gai organikoak ukitzen dituenean sua eragiteko arrisku handia du. Erreaktibo, hegazkinen bultzatzaile eta lehergai gisa erabiltzen da.  v  Sodio sulfato anhidroa (Na2SO4). Uretan urtzen diren kristal edo hauts zuri gisa agertzen da. Sodio sulfato naturala garbituz edo gatza (NaCl) eta azido sulfurikoa (H2SO4) erreakzionaraziz azido klorhidrikoa lortzeko egiten den prozesuaren azpigai gisa lortzen da. Kraft papera, kartoi fina, koloregaiak, botikak eta abar ekoizteko, janarien gehigarri gisa, laborategiko erreaktibo gisa, larrua ontzeko, zuntz ehunak tratatzeko eta abar erabiltzen da. Sodio sulfato hidratatuari Glauber-en gatza deitzen zaio.