Snell, Peter
Zeelandaberritar atleta (Opunake, 1938). Gaztetatik zaletu zen kirolarekin, baina oso berandu hasi zen lasterkari gisa. Izan ere, tenis, cricket, igeriketa eta eskaladan nabarmendu zen hasieran, eta ustekabean zaletu zen lasterketarekin, sasoian egoteko entrenatzearen poderioz. Arthur Lydiardek entrenatzailearekin lanean jardun zuen eta 1959an 2.000 metroko, milia erdiko eta miliako lasterketetako garaipenak eskuratu zituen. 1960ko Olinpiar Jokoetan, Erroman, urrezko lehen domina irabazi zuen, 800 metrotan, eta munduko errekorra ezarri zuen. 1962an gainditu egin zituen miliaren marka, 800 metroko lasterketarena eta 880 yardakoarena. Ospe handiko lasterkaria izatera iritsi zen denbora gutxian, eta 1964an, Tokion, garaipen sonatua lortu zuen berriro; izan ere, 1.500 metroko lasterketan parte hartzen zuen lehen aldia izan arren, urrezko domina eskuratu zuen proba horretan eta 800 metrokoan. 1965ean erretiratu zen, baina historiako ibilbide ertaineko lasterkari handienetakotzat hartua da.