Snegur, Mircea Ion
Moldaviar politikaria (1940). Agronomiako ikasketak egin zituen Txinan eta 1961ean graduatu zen. Moldaviako Errepublika Sozialistako Nekazaritza ministro izan zen lehenik, eta 1985ean Moldaviako Alderdi Komunistako idazkari orokor izendatu zuten. Handik lau urtera errepublikako Sobiet Gorenerako hautatu zuten, eta 1990ean Moldaviako lehendakaritzarako. Sobietar Batasunaren barruan zegoen Moldavia Snegurren agintaldiaren hasieran, baina 1991n burujabetasuna lortu zuelarik, Moldaviaren burujabetasuna lortu ondorengo lehen lehendakaria izan zen. Moldaviako lurralde batasuna mantentzera bideratuak izan ziren Snegurren ahalegin nagusiak, Errumaniarekin elkartzearen aldekoei eta Dniester ibai inguruko errusieradunen burujabetasunaren aldeko mugimenduari aurre eginez. 1992an larrialdi egoera ezarri zuen Dniester inguruko eskualdean, militarrei esku hartzeko baimena eman zien eta Nazio Batuei deitu zien, besteak beste, baina matxinatuek, errusiar kosakoen eta Estatu Burujabeen Batasuna (EBB) gudarosteko zenbait talderen laguntzarekin, mendean hartu zuten lurraldea. Modaviako legedian lurralde harentzako estatus politiko berezia ezagutu arte errusiar gudarostearen presentzia onartzea hitzartu zuen 1993an Errusiako lehendakari Eltsinekin. Matxinatuek, berriz, Smirnov buru, 1991ko burujabetasun aldarria bertan behera uztea eta Moldavia EBBn sartzea eskatu zuten. 1994an Snegurren Nekazarien Alderdi Demokratikoak irabazi zituen hauteskundeak eta babes handia lortu zuen 1995ean egindako erreferendumean Errumaniarekiko anexioari ezezkoa eman zitzaiolarik, baina 1996ko hauteskundeetan ezker errusiar zaleko hautagaia atera zen garaile, eta Snegurrek bere kargua utzi behar izan zuen.