Skopje
Mazedoniako hiriburua eta Jugoslavia ohiko hirugarren hiri handiena. 563.301 biztanle (1990). Vardar ibaiaren bazterrean dago, mendi artean. Gaur egun arte iraun dute erromatarren garaiko akueduktoa, Erdi Aroko monasterioak, XII. mendeko freskoak eta turkiarrek XIV. mendean eraikitako mezkitak, baina beste eraikuntza zahar asko galdu ziren 1963an lurrikara handi baten ondorioz. Hiriaren % 80 deseginda geratu zen, eta herrialde askoren laguntzari esker hiri berria eraiki zen. Ekonomia jarduera nagusiak: kimika industria, nekazaritzako makineria, adreilu, zeramika, beira, janari, larru, zurgintza, kromo findegiak eta altzairugintza. v Historia. Antzina Iliria lurraldeko hiria izan zen. Diocleziano enperadorearen garaian, Erromako Dardania lurraldeko hiriburua, Goiko Moesia probintzian. 518an lurrikara batek erabat suntsitu zuen hiria. VII. mendean eslaviarrak iritsi ziren Skoje-ra. Serbiarrek 1189an konkistatu zuten lehenengo aldiz, eta 1392an turkiarrek Mazedonia hartu zutenean, merkataritza gune garrantzitsua ezarri zuten han. 1689an austriarrek hiria erre zuten kolera izurrite bat desagerrarazteko. 1913an, hitzarmen baten bidez, Serbiarekin bat egin zuen, eta 1918an Yugoslavia berriarekin. Alemaniako gudarosteek hartu zuten 1941etik 1944ra, eta 1945ean Mazedoniako hiriburu bihurtu zen.