Skinner, Burrhus Frederich
Estatu Batuetako psikologoa (Susquehanna, Pennsylvania, 1904 - Cambridge, Massachussetts, 1990). Harvard-eko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Minnesota, Indiana eta Harvard-eko unibertsitateetan irakasle izan zen. Konduktismoaren edo behaviorismoaren ideiak sakondu eta zabaldu zituen. Konduktismoaren arabera, giza-jokabidea inguruan dituen kitzikadurei eta ingurugiroko baldintzei (baita organikoei ere) norbanakoak ematen dien erantzunean oinarritzen da. Animaliekin egindako ikerketan baldintza mota bat aurkitu zuen, baldintza instrumentala deitua, elementu ez-baldintzatu edo berezkorik gabekoa. Horrekin batera ikasketa prozesu programatua asmatu zuen, erantzun egokiak indartzean edo saritzean oinarritua; bere metodo eta teoria horiek eragin handia izan zuten Estatu Batuetako hezkuntza teoria eta metodoetan. Bestalde, Skinner-en lanek eztabaida asko ere eragin dute, eta horien aurka jarri dira tradizio psikoanilitikoko psikologoak eta hizkuntzaren teoriko asko, Chomsky besteren artean. Hauen ustez, animaliekin egindako esperientziak maila ontologiko zabalagoetara ateratzean, askatasuna, antolaketa soziala eta beste gai moral eta politikoak zalantzan jartzen ditu Skinner-ek. Haren idatzien artean hauek dira nagusiak: Organismoen portaera: azterketa esperimental bat (1938), Walden Two (1948, ideiak eleberri gisa azaltzen dituena), Zientzia eta giza-jokabidea (1953), Jokabideen analisia (1961), Askatasunaren eta duintasunaren haraindi (1971).
- Skanda
- Skanderberg
- Skármeta, Antonio
- Skelton, John
- ski
- Skinner, Burrhus Frederich
- Skolimowski, Jerzy
- Skopje
- skopjetar
- Skou, Jens C
- skua