Skolimowski, Jerzy
Poloniar zinema zuzendaria (Lodz, 1938). Oso haurtzaro lazgarria izan zuen, Bigarren Mundu Gerrako gorabeherak zirela-eta. Gerra ondoren egin zituen lehen ikasketak eta hogeita bat urte bete zituenerako, argitaratuta zituen bi olerki bilduma eta antzerki lan bat. Andrzej Wajda zinemagilearen eraginez Lodzeko zinemagintza eskolan sartu zen eta Berezitasunak: bat ere ez filma osatu zuen eta zuzendari izatera iritsi zen aldez aurretik zuzendari laguntzaile izateko araua bete gabe. Ordurako gidoigile ona zela erakutsia zuen, Roman Polanskirekin batera idatzitako Labana uretan filmeko gidoiarekin. Skolimowskiren lehenengo filmetan nouvelle vagueren eragina nabarmentzen da, batez ere plano luzeen erabileran. 1967an Eskuak gora! filma egin zuen, baina zentsurarekin izandako gorabeheren ondorioz, erbestera alde egitea erabaki zuen. Londresen finkatu zen, baina hainbat lekutan lan egin zuen: Alemania, Frantzia, Italia, Estatu Batuak, Ingalaterra… Horrela, eta berak hala nahi ez zuen arren, zuzendari kosmopolitaren ospea irabazi zuen, eta trebetasunez egokitu zituen ingeles, alemaniar zein errusiar literaturako klasikoak, adibidez Robert Graves (Oihua) eta Ivan Turgeniev (Uholde eurien urtea) egileen lanekin egin zuenez. Oso egile oparoa da eta ez du beti arrakasta bera izan, baina bere zenbait film zinemagintzako klasiko bihurtu dira, adibidez Ezkutuko lana. Oro har sailkatzen zaila da, eta berdin landu ditu komedia, drama, film historikoa, suspentsekoa edo gizarte salaketa.