Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Skármeta, Antonio

Txiletar idazlea (Antofagasta, 1940). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen Txileko Unibertsitatean, eta 1964an graduatu zen. Geroago Estatu Batuetara jo zuen ikasketak osatzera. Txilen, CADIP ikasle taldeko antzezle eta zuzendaria izan zen eta literaturako irakasle gisa lan egin du Txileko Unibertsitatean eta Unibertsitate Katolikoan. 1973an Txiletik ihes egin behar izan zuen, eta 1975ean Ekialdeko Berlinen finkatu ondoren antzerki irakasle gisa hasi zen lanean. Harrezkero, kazetaritzan, literaturan eta zineman dihardu, eta irakaslea izan da hainbat unibertsitatetan. Artikulu eta saiakera asko argitaratu ditu antzerkiaz, zinemaz, arteaz eta beste hainbat gaiez, eta gidoiak idatzi ditu zinemarako eta irratirako. Aipagarriak ditu, orobat, Desnudo en el tejado (1969, Biluzik teilatuan), El ciclista de San Cristóbal (1973, San Kristobalgo txirrindularia) eta Novios solitarios (1975, Ezkongai bakartiak) ipuin liburuak eta No pasó nada (1980, Ez zen deus gertatu), La insurrección (1982, Matxinada), Ardiente paciencia (1985, Pazientzia sutsua), La velocidad del amor (1997, Maitasunaren lastertasuna) eleberriak. Azken eleberri hori zinemara eraman zen, arrakasta handiz, 1995ean (Postaria eta Pablo Neruda) eta orduan gelditu zen agerian Skármetaren bikaintasuna. Oro har, azpimarratzekoa da bere jarioa eta umorea. Zineman, gidoigile gisa ez ezik, antzezle eta zuzendari gisa ere nabarmendu da.