Sisulu, Walter
Hegoafrikar politikaria (Engcobo barrutia, Transkei, 1912 - 2003). Misiolari eskola anglikano batean egin zituen lehen ikasketak eta meatzari, okin eta bulegari gisa lan egin zuen. 1940an ANC (Afrikako Kongresu Nazionala) alderdian sartu zen, eta alderdi hartako gazteria sailaren sorreran parte hartu zuen 1944an. 1949an alderdiaren idazkari orokor izendatu zuten. Harrezkero hainbat gorabehera izan ditu gobernuarekin, apartheidaren kontrako jarduerengatik; hainbat aldiz atxilotu izan dute, eta 1956an gobernuak traizio egin izana leporatu zien 156 lagunetako bat izan zen. 1961ean gelditu zen aske, baina gobernuak 1960an ANC alderdia legez kanpo utzi zuelarik gogor esetsi zieten Sisulu eta beste zenbait buruzagi politikori. Gobernuaren asmoa zen arraza beltzeko hegoafrikarren erakunde politiko guztiak suntsitzea, eta Sisuluk ezkutuan bizi behar izan zuen 1963az gero. 1964an hil arteko espetxe zigorra ezarri zioten, Mandelari eta beste zenbait agintariri bezala, ANCren baitako Umkhonto we Sizwe talde militarreko kide izateagatik. 1989an, ordea, Hegoafrikako gobernuak aske utzi zituen Sisulu eta beste buruzagi politiko batzuk. 1990ean Mandela aske utzi eta ANC legeztatu zutenez gero (1991) Sisulu da alderdi horren lehendakariordea.