Sistiaga Mosso, José Antonio
Gipuzkoar pintorea (Donostia, 1932). Parisen egin zituen pinturako ikasketak. 1958. urtean egin zuen lehen erakusketa, pintura figuratibo eta abstraktuekin. Gaur euskal artisten elkartea sortu zuen 1966. urtean Mendiburu, Basterretxea, Zumeta, Amable, Balerdi, Oteiza eta Txillidarekin batera. Lan nagusiak: Estructura abierta (1958), Retrato mágico, mujer y espejo (1959), Espacio y Energía (1961), Las cuatro estaciones (1970), Serie Retorno al Bosque (1970), Otro paisaje vasco (1977-1979). Zinema esperimentala ere landu du. Bere garaian euskal artegintzaren abangoardia bildu zuten Gaur edo ZAJ taldeetako kide izan zen, eta berrikuntzaren bidea jorratzen jarraitu du azken urteotan ere. Ipar Euskal Herrian bizilekua eta lanlekua harturik, alor asko tartekatzen du, pintura eta zinemagintza esperimentala, besteak beste. 1999an Madrilen erakutsi zituen azken urteotako lanak –olioa eta tinta erabiliz–, kolorea zela nagusi. Zinemagintzari dagokionez, hamar bat film egin ditu, gehienak pinturazkoak, nahiz eta dokumentala ere landu duen. Egin duen film luze bakarra, Ere erera baleibu izik subia aruaren izenburuduna, 1968koa, eskuz margotutako film luze artistiko esperimental bakartzat jotzen da oraindik ere, eta 1970. urteaz geroztik hainbat jaialdi, museo eta filmategitan erakutsi da. 2000. urtean Pariseko George Pompidou zentroak erosi zuen filma.
- sistatu
- sistema
- sistematiko
- sistematizatu, sistematiza, sistematizatzen
- sistematizatze
- Sistiaga Mosso, José Antonio
- sistole
- sistro
- Sisulu, Walter
- sitatunga
- sitido