Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Singer, Isaac Bashevis

Estatu Batuetako idazlea, judu poloniar jatorrikoa (Radzymin, Varsovia ondoan, 1904 - Surfside, Florida, 1991). Rabi leinukoa zen; haurtzaroa Varsovian eman zuen eta bertako rabi eskolan ikasi zuen. 1935ean Estatu Batuetara joan zen eta kazetari gisa lan egin zuen New York-eko prentsa juduan. Eleberriak lehenbizi yiddish hizkuntzaz idatzi zituen eta gero ingelesera bihurtu ziren, egilearen laguntzarekin. Varsovian gaztetan bizi izandako giroa, judu auzo pobreena, eta New York-en emigranteek aurkitu zituzten arazoak dira Singer-en eleberrietako eta ipuinetako gaiak. Bere idazkietan, bestalde, judaismoaren balio tradizionalekiko etena agertzen da, ohiko literatura moldeetatik at dagoen estilo guztiz berezian adierazia. Hauek dira Singer-en eleberrietako batzuk: Satan Goray-n (1950), Moskat familia (1950), Esklaboa (1960), Lublin-eko magoa (1960), Shosha (1978). Zenbait kritikariren arabera, ipuin liburuetan gailen azaltzen da autorearen idazkera: Gimpel leloa (1957), Merkatu kaleko Spinoza (1961), Kafkaren lagun bat (1970), Lumazko koroa bat (1973). Orobat, haurrentzako ipuin liburuen eta oroitzapen liburu baten egilea da. 1978an Literaturako Nobel saria irabazi zuen.