Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Singer, Peter

Australiar filosofoa (Melbourne, 1946). Melbourneko eta Oxfordeko (Inglaterra) unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1971-1973 bitartean Oxfordeko irakasle izan zen, eta harrezkero zenbait fakultatetan lan egin du Estatu Batuetan eta Italian; 1977an filosofiako irakasle izendatu zuten Melbourneko Monash Unibertsitatean. 1987-1991 bitartean Monasheko Giza Bioetikako Zentroko zuzendari izan zen, eta hango zuzendari laguntzaile da 1992az gero. Singer XX. mendeko arrazionalistatzat hartua da; arrazoian oinarrituriko sistema filosofiko baten aldekoa da, alde batera utzirik sentimendua, norberaren interesa edo gizarte baldintzak. Umekien esperimentazioarekin, ingeniaritza genetikoarekin, abortoarekin eta abarrekin zerikusia duten arazo etikoez dihardu. Bere ustez, etikoki zuzentzat jo behar da ekintza bat baldin eta ekintza horrek ahalik eta jende gehienentzat ahalik eta ondorio onuragarri gehien ekarriko badu. Singerren liburuen artean azpimarratzekoak dira Animalien askapena (1975), Etika praktikoa (1979) eta Nola biziko gara? (1993). Bere argitalpenen eskubideak nazioarteko laguntzarako erakundeei eta animalien askapenaren aldeko mugimenduei ematen dizkie eta irabazien % 10-20 pobreei, aberatsek behartsuei laguntzeko betebehar etikoa baitute bere ustez.