sinfonia 2
iz. Sonata forma duen musika lana, orkestrarentzat ondua. v Sinfonia orkestra edo orkestra sinfonikoa. Musika klasikoan erabiltzen diren tresna mota guztiak eta jotzaile kopuru handia biltzen dituena. v 1750. urte aurretik sinfonia hitzak adiera desberdinak izan zituen: musika tresnetarako lana izan zitekeen, baita musika tresnetarako preludioa edo ahozko lan batzuen interludioa ere; italiar operan erabili zen, batez ere hitza, sarrerako musika tresnen zatia izendatzeko. Obertura haiek oso ezagun egin ziren, eta orkestek kontzertu lan berezi gisa jo ohi zituzten. Italiako Ginbattista Sammartinik eta Mannhein eskolako Johann Stamitz musikagileek musika forma gisa finkatu zuten sinfonia. Geroago, Haydn eta Mozart izan ziren sinfonia egile nagusiak, L. Beethoven baino lehen, eta haien lanek inoiz ez bezalako maila lortu zuten. Sinfonia klasikoak lau zati zituen: lehena, sonata forma zuena eta gehienetan allegro tenpoan idatzia; bigarrena, geldoa, sonata edo bariazio forma izaten zuena; hirugarrena, minuet-a eta aurrerago scherzoa; eta laugarrena, sonataren ereduari jarraitzen ziona, baina askotan rondoa ere izaten zena. XIX. mendean, askatasun handiagoz sortu zuten sinfonia F. Schubert, F.F. Mendelssohn, R. Schumann, A. Bruckner, J. Brahms, eta H. Berlioz musikagileek. XIX. mendearen bukaeran, musikagile abertzaleek landu zuten sinfonia, formaren aldetik inolako aldaketarik egin gabe, A. Dvorak txekiarra, eta N. Rimski-Korsakov, A. Borodin, P. Txaikovski errusiarrak, besteak beste. XX. mendeko sinfoniak, berriz, hamabi tonukoak, atonalak, elektronikoak eta neoklasikoak izan dira, eta ezin sailka daitezke ohiko moldeetan.