Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Singapur

(Izen ofiziala, Singapurko Errepublika). Asiako hego-ekialdeko hiri-estatua eta uhartea, Malakako penintsularen hegoaldean. 618 km2 eta 4.608.167 biztanle (2008, singapurtarrak). Mugak: iparraldean, Johor-eko itsasarteak berezirik, Malaysia; ekialdean eta hegoaldean, Singapurko itsasartea; hego-mendebaldean, Malakako itsasarteak berezirik, Indonesiako Sumatra. Hiriburua: Singapur. Hizkuntza ofizialak: txinatarra, malaysiera, tamilera eta ingelesa. Etniak: txinatarrak, % 77,7; malaysiarrak, % 14,1; indiarrak eta srilankarrak, % 7,1; besteak, % 1,1. Erlijioa: budismoa, % 28,3; kristaua, % 18,7; islama, % 16; taoismoa, % 13,4; hinduismoa, % 4,9; batere ez, % 17,6; besteak, % 1,1. Dirua: Singapurko dolarra.  v  Orografia eta hidrografia. Singapur-ko estatua izen bereko uharteaz eta haren inguruan dauden beste 50 uharte askoz txikiagoz osatua dago. Estatuak dituen 618 km2-tik 544 km2 Singapur uharteari dagozkio. Ia uhartea osoa 15 m-tik beherako zelai bat da. Erdialdean, ordea, granitozko muino artean, 177 m dituen Bukit Timah nabarmentzen da. Uhartearen ekialdea ordoki hareatsua da, baina higadurak muinoak eta ibarrak eratu ditu. Erdialdeko muinoetatik hegoaldera eta sortaldera, zenbait tokitan, lurraldea zimurtua da, eta kostaldean zehar, labar txikiak eta sakontasun txikiko ibarrak daude. Erreka asko daude, eta guztietan luzeenak, Seletar ibaiak, 15 km ditu.  v  Klima eta landaredia. Singapur-ek klima ekuatoriala du, beroa eta euritsua. Urtean zehar, batez beste, 25 °C eta 2.500 mm inguru euri izaten dira. Behiala uhartea estaltzen zuen landareditik ia ez da ezer geratzen. Basoak lurraldearen % 5 estaltzen du, eta babestua dago. Erreka batzuetan, iparraldekoetan batez ere, eratzen diren estuarioetan ur gazietara egokitutako landareak hazten dira. Gainerakoan sastraka edo belarra hazten da. ■ Biztanleak. Singapurko biztanleen hiru laurdenak Txinako Fujian eta Kwangtung probintzietatik joandako txinatarren ondorengoak dira. Singapurko batez besteko dentsitatea munduko handienetako bat da: 6.389 bizt/km2. Singapur sortu zenetik bertatik immigrazio gune izan da. Hala eta guztiz ere, azken urteetan, gobernuak immigrazioa eteteko neurriak hartu ditu eta langile atzerritarrek ez dute lortzen denboraldi baterako baimena besterik. Bestalde, Singapurko biztanleriaren ugalketa bizkorra zela-eta, gobernuak jaiotza kopurua jaisteko neurriak hartu zituen 1960-1980 bitartean, eta jaiotzak erdiraino jaistea lortu zuen. ■ Ekonomia. 1950. urtearen amaiera arte Singapurko ekonomia merkataritzan eta britainiar ontzi eta hegazkin baseekin lotura zuten jardueretan oinarritzen zen. Baina Malaysiatik banandu ondoren, eta 1971n britainiarrek Singapur utzi ondoren, goitik behera aldatu zen ekonomiaren antolamendu hori. Gobernuak industrializazio politika jarri zuen abian; 1960an BPGren % 7 hartzen zuen industriak, eta 1995ean % 36ra igo zen. Industrializazioaren lehenengo aldian eskulangintzako industriak sortu ziren, baina ekonomia jarduerak esportazio gaietara aldatu dira urteak aurrera egin ahala. Azken urteetan, teknologia aurreratuak (hegazkinen konponketa, informatika, elektronika) dira nagusi. Singapurko portua munduko nagusietako bat da, eta bost terminal espezializatu ditu. Bestalde, Singapur merkataritza eta finantza gune handia bihurtu da, eta ez bakarrik herrialde mailan, baita nazioartean ere. Horrez gainera, turismo gune garrantzitsua da (1995ean 7 milioi turista izan ziren Singapurren). Singapurrek merkataritza harremanak ditu Estatu Batuak, Japonia, Malaysia, Asia Hego-Ekialdeko herrialdeen Elkartearekin eta Europarekin. 1997ko udan Asian izan zen finantza krisiak oso egoera larrian utzi zuen Singapurko ekonomia, eta izugarri hazi zen langabezia. ■ Historia. Singapur-ko uhartea, lehen Tumasik izenaz ezagutzen zena, arrantzaleen eta itsas-lapurren bizileku izan zen urteetan, eta uhartearen kokapenagatik, garrantzi handiko gunea izan zen Sumatrako Srivijaya inperioarentzat. XIV. mendean, Javako Majapahit inperioak Sumatrakoaren tokia hartu zuen, eta gero, hari Siamgo Ayutthaya erreinua jarraitu zitzaion. XV. mendearen hasieran, Malakako inperioaren agintaritzapean geratu zen Tumasik. XVI. mendearen lehen urteetan portugaldarrak heldu ziren, eta XVII. mendean, holandarrak. 1819an, Britainia Handiaren Sortaldeko Indietako konpainiak, Johoreko sultanarekin hitzartuta, Singapur-ko hiria eta portua sortu zituen, britainiarrek Asiako hego-ekialdean zituzten kolonien erdigunea izan zirenak. 1869an Suez-ko ubidea ireki zenean, eta lurrun-itsasontzietarako bideak finkatu zirenean, Singapurrek oso hazkunde bizkorra izan zuen, Europaren eta Asiako ekialde eta hego-ekialdearen, eta baita Australiaren arteko joan-etorrien geltoki izan baitzen. 1867an, Straits Settlements britainiar kolonien (Singapur, Penang, Malaka eta Labuan-ek osatua) administrazio gune bilakatu zen. Bigarren Mundu Gerran japoniarren mendean egon zen. 1946an, Straits Settlements desegin zirenean, Singapur besteetatik berezitako kolonia izan zen. 1959an, bere gain hartu zuen barne arazoetarako ardura, eta 1961ean, Lee Kuan Yew legegizona Lehen ministro izendatu zuten. 1963an, Malaysiako Federazioa sortu zen, eta Singapur-ek, Federazio haren barruan, autonomia ekonomikoa eta politikoa gorde zituen. Txinatarren eta malaysiarren arteko aurkakotasuna zela eta, 1965eko abuztuaren 9an burujabetasuna lortu zuen. Harrezkero, PAP alderdiak, Lee Kuan Yew Lehen ministroaren bitartez, despotismoz gobernatu du, gizarte jokabideak estutik begiratuz. Singapur Sortalde Hurruneko bi herrialde industrializatuetako bat eta garrantzi handiko finantza gune bilakatu zen. 1971n, britainiar gudarostearen egoitza itxi zenean, Britainia Handiarekin, Australiarekin, Zeelanda Berriarekin eta Malaysiarekin batera, babes-hitzarmen bat izenpetu zuen Singapur-ek. Halaber, kanpo harremanetan, Estatu Batuekiko eta Japoniarekiko harremanak estutu eta komunismoaren aurkako jarrera hartu zuen, baina geroztik inguruko herrialdeetara hurbildu da, Asiako hego-ekialdean sortzen ari den egoera berrira egokituz. 1990ean Lee Kuan Yew-k haren hurbileko Goh Chok Tonk-i utzi zion Lehen ministro kargua. 1991ko hauteskundeetan PAP alderdiaren nagusitasuna sendotu zuten. 1994 eta 1995 urteen bitartean Singapurko gobernuak tirabirak izan zituen Estatu Batuekin, Filipinekin eta Herbehereekin. Izan ere, holandar ingeniari bat urkatu zuten heroina saltzeagatik, estatubatuar gazte bat atxilotu eta kanabera zartadak hartzera kondenatu, eta filipinar zerbitzari bat hil zuten hilketa salaketapean. Bestalde, funtzionario bat, bi ekonomista eta bi kazetari atxilotu zituzten estatuko sekretuak arautzen dituen legea hausteagatik: ekonomia hazkunde aurreikuspenak argitaratu zituzten ofizialki argitaratu baino lehen. Bestalde, El Niño fenomeno klimatikoak eragindako lehorteek eta haize aldaketek galera nabarmenak eragin zizkieten Singapurko nekazaritza eta turismoari. Haizeen ondorioz, ke lainoak Singapurrera iritsi ziren eta horrek osasun arazo larriak sortu zituen biztanleengan. 1998an, Singapurko dolarraren balioak beherantz jarraitu zuen, Asiako finantza krisia zela-eta. 1999an, Sellapan Ramanathan Nathan izendatu zuten estatuburu. 2000ko hamarraldiko lehen urteetan, Singapurrek krisi handi bat izan zuen; batetik, eraso terrorista latzak izan zituen, hamarnaka hildako eta ehunka zauritu eragin zituztenak; bestetik, 2003an, arnasteko sindromea edo SARS deritzan gaisotasun larriak 200dik gora kasu eragin zituen Singapurren eta kezka handia sortu zuen. 2004an, Lee Hsien Loong izendatu zuten Lehen Ministro. Sellapan Ramanathan Nathan da gaur egun lehendakaria.
http://www.gov.sg/