silogistika
iz. Fil. Silogismoaren teoria, Aristotelesek sortua K.a. 350 inguruan. Silogistika logika formalaren aurreneko moldea da. Hala grekoentzat nola Erdi Aroan berriro aztertu zuten filosofoentzat, logikaren eremu osoa hartzen zuen. v Aristotelesen arabera, arrazoiketa formal guztiek baliozkoak izateko silogismo erakoak behar dute izan. Silogismoaren hiru perpausek subjektu-predikatu motakoak izan behar dute. Bestalde, silogismoak hiru atal ditu: “nagusia”, ondorioaren predikatua (P); “txikia”, ondorioaren subjektua (S); “bitartekoa”, bi premisetan azaltzen dena eta beste bien arteko lotura egiten duena (M). Silogismoa da adibidez hau: “gizon guztiak hilkorrak dira, greziar guztiak gizonak dira, beraz greziar guztiak hilkorrak dira”. Silogismoan figurak eta moduak hartzen dira kontuan. Lau figura bereizten dira bitarteko atala premisetan agertzen den lekuaren arabera. Esaterako, lehenengo figuran bitartekoa premisa nagusiko subjektua da eta premisa txikiko predikatua, hau da, goiko adibideari dagokiona: “M guztiak P dira, S guztiak M dira, beraz S guztiak P dira”. Modua proposizioaren izaerak emana da: baiezko unibertsala, “gizon guztiak hilkorrak dira” (A); ezezko unibertsala, “ezein gizon ez da hilkor”, (E); baiezko partikularra, “gizonen bat hilkorra da” (I) eta ezezko partikularra, “gizonen bat ez da hilkorra” (O). Figurak eta formak konbinatuz, 256 silogismo mota gertatzen dira eta haietako 14 Aristotelesek baliozkotzat eman zituen.