Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siberia

Errusiako lurralde zabala, Asiako iparraldean. Asia osoaren laurden bat baino gehiago hartzen du: 12.765.000 km2 inguru. Mugak: iparraldean, Ozeano Artikoa; ekialdean, Ozeano Bareko Bering eta Okhostk itsasoak; hegoaldean, Mongoliarekin eta Txinarekin mugatzen duten Asiako erdialdeko mendiak eta Kazakhstan; eta mendebalean, Ural mendiak.  v  Orografia eta hidrografia. Siberiak (tartar hizkuntzaz, «Loaren lurraldea») hiru alderdi nagusi ditu: mendebala (Ural mendien eta Ienisei ibaiaren artekoa), erdialdea (Ienisei eta Lena ibaien artekoa), eta ekialdea (Lena ibaitik ekialderakoa). Mendebaleko Siberia Obi ibaia eta horren adarrak ardaztzat dituen ordoki zabal bat da; Obi ibaiak oso goibehera leuna du, eta neguan izoztuak dauden eta udan zingiratsuak diren zelaiak igaroaz, Ozeano Artikoko Kara itsasoan isurtzen du ura. Erdialdeko Siberia, berriz, goi-ordoki zabala da, harekin muga egiten duten Ienisei eta Lena ibaien adarrek zatikatua; ipar-mendebalean du gunerik garaiena (Putoran, 1.701 m); hegoaldean munduko ur gezeko aintzirarik sakonena (Baikal aintzira) eta Mongolariekin eta Txinarekin mugatzen duten mendiak ditu. Lena ibaiaren arroak ezkerraldetik mugatzen duen Ekialdeko Siberiako orografia askoz hautsiagoa da: 2.000 m-tik gorako mendiez osatutako mendikateak (Verkhoiansk, Txerski, Stanovoi…), goi-ordoki garaiak, ibai arroak, eta iparraldean, ordekak. Ekialdeko muturrean Kamtxatka-ko penintsula dago, Ojotsk eta Bering itsasoen artean, sumendi jatorriko mendiekin (Kliutxevskaia sumendia, 4.750 m). Ekialdeko Siberiako ibai nagusiak ura Ozeano Barean isurtzen duen eta Siberiako hego-ekialdeko muga egiten duen Amur ibaia, eta Ozeano Artikoan isurtzen duten Indigirka, Iana eta Kolima dira.  v  Klima eta landaredia. Siberiak klima kontinetala du, oso negu luze eta hotz handikoa, uda labur epelekoa eta, oro har, euri gutxikoa. Urtarrilean, batez beste, -15 eta -40 °C bitarteko hotza izaten da, eta udan 10-20 °C izaten dira. Hotzagoa ohi da Siberiako ekialdea erdialdea eta are mendebala baino, eta, toki batzuetan -70 °C-rainoko hotza ere egin dezake. Haatik, ekialdeko kostaldeak, Ozeano Bareko itsas-haizearen eraginez, askoz klima samurragoa du, eta baita euritsuagoa ere. Bestalde, urteko euri gehiena udako bizpahiru hilabeteetan izaten da, eta oro har, euri gehiago izaten da mendebalean ekialdean baino. Batez beste, urtean, 550 mm baino gutxiagoko euri, kazkabar edo elur izaten dira, Erdialdeko Siberiako hegoaldeko mendialdean eta ekialdeko kostaldean izan ezik. Kamtxatkako penintsulan 1.000 mm inguru izaten dira, elurra gehienbat. Baina, oro har, neguan elur gutxi egiten du.  v  Siberiako landaredia, iparraldetik hegoaldera, tundra, taiga edo estepa motakoa da. Artiko aldeko tundra lur izoztuetara egokitutako goroldioz eta likenez osatua da; baina Siberiako tundrak, Europako beste alderdi batzuetan ez bezala, iparraldea ez ezik iparraldetik beheragorako lurrak ere hartzen ditu, Siberiako erdialdean eta ekialdean batez ere. Nolanahi ere, taigako pinudi zabalek hartzen dute Siberiako lurraldeko eremu gehiena. Hegoaldeko estepa zabalagoa da Mendebaleko Siberian erdialdean eta ekialdean baino.  v  Biztanleak. Siberiako biztanle gehienak errusiarrak dira. Izan ere, XVII. mendearen erdialdeaz gero errusiar askok bizitokia hartu zuten Siberiako bide nagusien aldemenetan, hegoaldean batez ere. Geroago, Sobietar Batasunarentzat Siberiako baliabide ekonomikoak ustiatzea lehentasunezko zeregin bihurtu zenenean, milioika sobietar (errusiarrak, bielorrusiarrak, ukrainarrak, kaukasiarrak…) joan ziren bizitzera. Gaur egun, Siberiako leku jendetsuenak garraiabide nagusiak gurutzatzen diren inguruetako eta mea arro nagusietako hiriak dira (Novosibirsk, Krasnoiarsk…). Siberiak 6,5 milioi biztanle zituen 1926an, 17 milioi 1959an eta 25 milioitik gora 1970ean. Gaur egun 30 milioi inguru biztanle ditu. Etorkinek denboraldi jakin bat egoteko eskubidea baino ez zuten, baina bien bitartean, Siberiako bertako biztanleen asimilazioak eta errusiartzeak aurrera egin zuen. Izan ere, kolonizazio sistematikoa eta suntsitzailea hasi baino lehen, lurraldeko ezaugarriei (tundra, taiga, estepa) egokitutako kultura eta bizimodua zituzten etnia asko bizi ziren. Herri nomadak ziren, bizimodua ateratzeko ehizan, arrantzan, edo elur-oreinak zaintzen zihardutenak. Hegoaldeko eta mendebaleko estepatako herri gehienek behiak, ardiak eta zaldiak hazten zituzten, eta Artikoko eta Okhostk itsasoko kostaldeetan itsas ugaztunak ehizatzen zituzten. Gaur egun, herri horiek desagertzeko zorian daude, eta batzuek, dagoeneko, galdua dute hizkuntza edo herri nortasuna. Hogei komunitate autoktono baino gehiago bizi dira Siberiako mendebalean (komi-ak, selkupe-ak, nenet-ak, khant-ak, sami-ak…), erdialdean (iakut-ak, even-ak…) eta ekialdeko muturrean (evenk-ak, kamtxad-ak, txutktxi-ak, inuit-ak…).  v  Ekonomia. Siberiak oso mea baliabide handiak ditu (urrea, burdina, kobrea, diamanteak, ikatza, petrolioa, gasa…), uraren indarra baliatzen duten argietxe handiekin batera, garrantzi handiko industria (metalurgia eta makinak) ahalbideratu dutenak. Bestalde abere hazkuntzak, Ozeano Bareko arrantzak, Taigako oihanen ustiapenak eta, batez ere, hego-mendebaleko estepetako labore sail handien ustiapenak ere garrantzi handia dute. Ekonomiaren hazkundea bideratzeko, Sobietar Batasuneko gobernuak, beste neurri batzuen artean, diru sari handiagoak ordaindu zizkien Siberiara joandako langileei (% 70 gehiago) eta garraiabideak egin zituen.  v  Historia. XII. mendeaz gero Novgorod hiriko ehiztariak eta larru salerosleak Ural mendietatik ekialdera joan ohi ziren. Baina, XVI. mendea arte errusiarrek ez zuten behin-betiko bizitokia hartu lurraldean. 1558an, Ivan Izugarria tsarrak Ural mendietatik ekialderako lurrak eman zizkion Stroganov sendiari, eta ordainez stroganovtarrek lurraldea kolonizatzeko ardura hartu zuten. 1598an, kosakoez osatutako gudarosteak Sibir-eko (hortik du lurraldeak Siberia izena) khan herri txikia tsarraren aginpidea onartzera behartu zuen. Handik aurrera, errusiar larru salerosle eta ehiztariak, eta kosakoez osatutako espedizio gehiago sartu ziren Siberian barrena, Bering itsasoraino. 1587an, Tobolsk eraiki zuten Obi-ren ibaiadar batean, Irtish ibaian hain zuzen; 1628an Krasnoiarsk eraiki zuten, Ienisei ibaiaren aldemenean; 1652an, Irkutsk, Baikal aintziraren inguruetan; eta 1649an, Okhotsk, izen bereko itsasoaren ondoan. 1648an, Semion I.a Dezhniov kosakoa, Ozeano Artikoan barrena, Asiako ipar-ekialdeko muturreraino iritsi zen, eta Amerikarekin loturarik ez zuela egiaztatu zuen. XVII. mendearen bukaeran, errusiarrek gotorlekuak eraiki zituzten Kamtxatkako penintsulan. 1689an, Errusiak eta Txinak Amur ibaia bi inperioen arteko mugatzat hartzea hitzartu zuten Nertxinsk-en. XVIII. mendean, are espedizio gehiago egin ziren, tsarraren aginduz. Petri I.a Handiarentzat lan egin zuen Vitus Jonassen Bering daniar itsasgizonak Deznhiovek eginiko aurkikuntzaren egiatasuna sendotu zuen; izan ere, 1725-28 bitartean, Bering-ek bere izena duen itsasertzaren eta itsasoaren mapak egin zituen, xehetasun handiz. Errusiak eta Txinak Aigun-en egindako hitzarmenaren ondorioz (1858), Errusiako inperioa hegoalderantz hedatu zen, eta Amur eta Ussuri lurraldeak hartu zituen. 1860an Vladivostok eraiki zuten. Baina, Siberia gaizkile eta preso politiko deportatuen bizilekutzat erabiltzen zen (geroago, Stalinen diktadurapean batez ere), eta lurraldeak ez zuen garrantzi handirik izan 1891-1916 bitartean Siberia alderik alde, Moskutik Vladivostokera (9.297 km), igarotzen duen burdinbidea (transiberiarra deitua) egin zen arte. Burdinbideak eta lehen bost urteko (1928-1932) planak industriaren hazkuntza ekarri zuten, transiberiar burdinbidearen inguruan batez ere. Handik aurrera, milioika sobietar joan ziren Siberiara. Errusiako Iraultzaren ondorengo gerra zibilean, Siberian, Alexander Vasilievitx Koltxak txekiar almirantearen lejioko gudaroste zuria galtzaile atera zen gudaroste gorriaren aurkako guduan. Japoniako gudarosteak Vladivostoken lehorreratu ziren, eta Siberiako hegoaldea hartu zuten, baina 1922an, lurralde hartatik joan behar izan zuten. 1960-70 urteetan, Sobietar Batasunaren eta Txinaren arteko tirabirak zirela eta, guduak izan ziren Ussuri ibaiaren ertzean. Sobietar gudaroste handiak Siberiaren eta Mantxuriaren arteko mugan finkatu ziren.