Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sibner, Lesley

Estatubatuar matematikaria (New York, 1934). Antzerkian karrera laburra egin ondoren New Yorkeko Arte Ederretako Udal Eskolaren graduazioa eskuratu zuen 1959an. Geroago zalertu zen matematikarekin, kalkulu ikastaro batean parte hartu ondoren. Udal Eskolan ikasten ari zen bitartean matematikari batekin ezkondu zen eta horrela Matematika Zientzietako Courant Institutuan hasi zen ikasten, eta 1964an doktoregoa eskuratu zuen. Stanford Unibertsitatean (l965-l966), Parisko Henri Poincaré Institutuan (1966-1967) eta Radcliffe Collegen (1990-1991) jardun zuen bekadun eta irakasle gisa, baina 1967tik aurrera Brooklyngo Unibertsitate Politeknikoan aritu zen nagusiki. Lehenengo lan garrantzitsuak ekuazio mistoei buruz egin zituen eta bere karrera guztian analisian, batez ere ekuazio diferentzial partzialen atalean, nabarmendu zen. Eragin handia izan zuen Sibnerren lanean Michael Atiyah eta Raoul Bott ezagutu izanak Ikerketa Aurreratuen Institutuan ari zen garaian (1971-1972). Geometriako problemak analisiaren bidez ebazten ahalegindu zen, eta "ekuazio integraletarako" froga bat asmatu zuen. 1980ko hamarralditik aurrera geometrian murgildu zen buru-belarri, eta Yang-Mills eta Yang-Mills-Higgs ekuazioen frogen inguruko lanak egin zituen.