Shull, Clifford
Estatubatuar fisikaria (Pittsburg, Pennsylvania, 1915 - 2001). Carnegie Institutuan (gaur egun Carnegie Mellon Unibertsitatea) egin zituen ikasketak eta 1937an graduatu ondoren New Yorkeko Unibertsitatean sartu zen eta doktoregoa eskuratu zuen 1941ean. Ondoren Texas Company (Texaco) konpainiaren laborategian hasi zen lanean, eta gerra ondoren Oak Ridge Laborategi Nazionalean (Tennessee) sartu zen. Bere lan jarduera nagusia, dena den, Massachusettseko Teknologia Institutuan eraman du aurrera; hango fisika nuklearreko irakasle izan zen, eta neutroien barreiadurari buruzko garrantzizko ikerketak egin ditu, gai baten barruko atomoen kokagunea zein den ezagutzeko oso baliagarriak. Ikerketa horietarako lehen urratsak 1940ko hamarraldiaren amaieran egin zituen Oak Ridgen. 1946-1955 bitartean, eta Ernest Wollan lankidearekin batera, atomoaren egitura aztertzeko tresnak prestatzen jardun zuen, eta 1948an beirazko difraktometro bat osatu zuten, zeinaren bidez bereiz baitzitezkeen fisiozko erreaktore batek igortzen zituen neutroien artean lastertasun jakin batean mugitzen zirenak. 1956. urtean, Massachussetseko Teknologia Institutuan, esperimentaziorako lehenengo erreaktorearen programa zientifikoaren zuzendari izendatu zuten; kargu hartan zen bitartean oinarrizko lanak egin zituen neutroien optikari buruz eta beiren terferometroa asmatu zuen; 1986an hartu zuen erretiroa. 1994an Fisikako Nobel saria jaso zuen, Bertran N. Brockhouse zientzialariarekin batera, neutroien barreiaduraren inguruko tekniketan egindako lanengatik. Ikerketa horien bidez aurreramendu handiak egin ahal izan dira materiaren egituraren ezaguerari dagokionez, eta aplikazio zabala dute industrian.
- shona
- shoshone
- Shostakovitx, Dmitri Dmtrievitx
- Shropshire
- Shu Txing
- Shull, Clifford
- Shusaku, Endo
- Shuster, Joe
- si
- Si
- sial