Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shiraz

edo Chiraz. Irango hegoaldeko hiria, Zagros mendien hegoaldean, 1.486 m-ko garaieran. 849.000 biztanle (1986). Farz probintziako hiriburua da; antzinateko Persepolis hiritik hurbil eraiki zuten. Erdi Aroko lorategiak, mausoleoak, jauregiak, mezkitak eta gotorlekua gorde ditu hiriak. Pertsiako arte eta literatura gune nagusietako bat izan zen luzaroan. Museoak. Ospe handia dute Shirazeko ardoek eta arrosek. Eskulangintza (zilargintza eta artilezko tapizak). Garraio eta merkataritza gune garrantzitsua da, Irango erdialdetik Pertsiako golkorako erdibidean baitago. v Historia. Pertsian sartu ondorengo urteetan, 684. urtean, sortu zuten arabiarrek Shiraz-ko hiri berria. IX. mendean affariarren printzerriko hiriburua izan zen eta X. eta XI. mendeetan buiarrek edertu eta gotortu zuten. Garai haietan, entzute handiko liburutegia zuen hiriak eta guztiz ospetsuak zituen brokatuak edo urrez nahiz zilarrez apainduriko zeta ehunak. XIII. mendean, Saadi poetaren garaian, Pertsiako poeten hiriburu bihurtu zen. Mende horretan bertan mongoliarren esku geratu zen hiria eta mezkita eta gotorleku berriak eraiki zituzten. 1399an Tamerlan konkistatzaile turkoak hartu zuen hiria. 1668an uholdeek urpean utzi zuten hiria eta 1724an afgandarrek bipildu zuten. 1750-1794 bitartean Zand dinastiaren hiriburua izan zen, baina XIX. mendea baino lehen Teheran-go hiria egin zuten Pertsiako hiriburu. XX. mendean gainbehera etorri zen Pertsiako golkoko portuak eraiki zirenean.