Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

shinto

edo shintoismo. (Japonieraz shinto, “Jainkoen bidea”). iz. Erl. Japoniako erlijioa, budismoa sartu aurretik Japonian nagusi ziren sinesteen eta praktika erlijiosoen multzoa. Shintoismoa erlijio animista da; jainkoak (kami) izadiko indarren irudiak dira: Amateratsu jainkosa (Eguzkia), Susanoo (Ekaitza), Tsukiyomi (Ilargia), etab. Maila desberdineko kami anitz ziren, izadiko gauzak (zuhaitzak, animaliak, mendiak…) eta arbasoak ere halakotzat hartuak baitziren. Bestalde, antzinako japoniarren erlijioan igarpenak eta magiak garrantzi handia zuten. VI. mendean, budismoa Japonian sartu zenean, bi erlijioek elkar kutsatu zuten: budismoak shintoismoaren jainkoak onartu zituen bere sisteman eta shintoismoaren molde sinkretikoak garatu ziren (Ryobu-shinto). XVIII. mendetik aurrera nazionalismoak jatorrizko shintoismoaren iturrietara jo zuen budismotik bereizi nahiz; Meiji aroan (1868-1912) estatu erlijio (kokka shinto) bakartzat aitortua izan zen, eta harekin batera sekten shintoismoa (kyoha-shinto) deiturikoa eta shinto herrikoia (mintzoku-shinto) praktikatzen ziren. 1945ean, Japoniak Bigarren Mundu Gerra galdu ondoren, debekatu egin zituzten enperadorearen gurtza eta japoniar arrazaren gailentasuna, nahiz shintoismo nazionalaren ezaugarriak ziren. Sineste tradizional horiek sektetan gorde ziren, ordea, eta herriak haiei eutsi zien. Joera sinkretikoen hedapena dela eta, zaila da shintoismoaren jarraitzaile kopurua kalkulatzea, baina, inkesta batzuen arabera, 70 milioi inguru dira.