Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Segura

Gipuzkoako hegoaldeko udalerria (Goierri). Mugak: iparraldean, Zerain eta Ormaiztegi; ekialdean, Idiazabal; mendebalean, Zerain eta Zegama, eta hegoaldean, Zegama eta Idiazabal. Garaiera, 42 m. 16,2 km2. 1997ko datuen arabera, 1.245 biztanle (segurarrak). Aizkorri eta Aralar mendietako errekastoek osaturiko Oria ibaiaren goi ibilguak zeharkatzen du udalerria hegoaldetik iparraldera. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Industrian (janari industria, zurgintza, makineria, eraikuntza), zerbitzuen alorrean (oinarrizko zerbitzuak) eta nekazaritzan (barazkiak, fruitu arbolak, artoa, bazkarako landareak, lekadunak, behi, ardi, ahuntz eta zerri azienda) oinarritua da ekonomia jarduera nagusia. Aipagarriak dira XIV. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde eliza gotikoa, XVI. mende hasierako Santa Isabel komentua, San Andres ermita, Lardizabaldarren jauregia eta Gebaratarren edo Sandon izeneko etxea (mudejar estiloan egina). v Historia. 1265. urtean sortu zuen Segurako herria Alfontso X.a Jakituna Gaztela eta Leongo erregeak. 1290. urtean jaso zuen Gasteizko foruen bidez gobernatzeko baimena. 1384. urtean inguruko bederatzi herrik bat egin zuten Segurakoekin: Zegama, Legazpi, Idiazabal, Zerain, Ormaiztegi, Astigarreta, Gudugarreta, Mutiloa eta Gabiria. 1405. urteko epai baten arabera Segurako herriaren mende zeuden, halaber, Ezkio, Zumarraga eta Urretxu. Azken biak bereizteko hitzarmena berehala sinatu zuten eta 1411. urtean bereizi ziren Seguratik. 1418. urtean izurrite gogor bat jasan zuen herriak eta jendeak alde egin behar izan zuen. 1422an erabat erre zen eta eliza baizik ez zen sugarretatik salbatu. XIV. mendearen bukaeran sorturiko herri-elkartea XVII. mendean zehar deuseztatu zen: Legazpi 1608. urtean bereizi zen eta gainerako herriak 1615. urtean. 1645ean ere sekulako sutea jasan zuten segurarrek. 1619-1691 urteetan Ataun, Beasain eta Idiazabalgo herriekin bat egin zuen Segurakoak Batzar Nagusietara ordezkari bakar bat bidaltzearren eta, hartara, gastuak gutxitzearren.