sefardi 2
iz. eta izond. Erdi Aroan Iberiar Penintsulan bizi izan ziren juduez eta haien ondorengoez esaten da. v Historia. Erromako Inperioaren azken garaian (III. mendetik aurrera) kokatu ziren juduak Hispanian; garrantzi handia izan zuten Erdi Aroan ekonomia, kultura eta politika alorretan, XIV. mendean juduen aurkako joera guztiz zabaldu zen arte. 1492an kristautu ez ziren juduak egotzi zituzten Errege-erregina Katolikoek Gaztelako eta Aragoiko erresumetatik. Portugal aldera jo zuten gehienek, baina handik ere kanporatu zituzten (1496-1497). Nafarroako hegoaldean gorde ziren gutxi batzuk, baina zailtasun handiak izan zituzten 1498. urtetik aurrera, eta ihes egin behar izan zuten 1512an, Gaztelako koroa Nafarroaz jabetu ondoren. Portugaldik Ipar Afrikara jo zuten judu gehienek, eta Egipto, Palestina eta Turkiako inperioaren mendeko lurretara jo zuten ondoren. Frantziako erresumarantz jo zuten besteek, eta Ipar Euskal Herrian auzo garrantzitsu bat eratu zuten Baionako hirian (Saint-Esprit). XVI. mendearen bukaeran sefardi talde handi bat kokatu zen Herri Behereetan, eta handik Europako beste herri batzuetara zabaldu ziren. Bestalde, sefardi talde garrantzitsuak eratu ziren Balkanetako herrietan, Mazedonian (Tesalonika) eta Turkian (Konstantinopla, Esmirna). XIX. mendearen bukaeran hasi zen Turkiako inperioaren barneko juduen Ameriketarako emigrazioa. Izugarrizko sakaila egin zuten naziek Balkanetako herrietako judu sefardien artean Bigarren Mundu Gerran.