Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zeta

iz. Zenbait intsekturen beldarrei darien gaia, zuntzak osatzen dituena eta ehungintzan erabiltzen dena. ik. ziriko. Zeta gorrizko zapi bat. || Zeta-harra. ik. har.  v  Zeta zuntz naturala da, gehienbat fibroina proteinaz osatua. Hari jarraia da, oso mehea eta distiratsua. Zenbait intsektuk, Bombyx motakoek batez ere, krisalida bihurtzeko behar duten kuskua egiteko erabiltzen dute. Zeta haria gizonarentzat erabilgarri bihurtzeko kuskuak labe berezietan uzten dira lehortzen 16-18 ordutan, eta gero beratu egiten dira haria errazago askatzeko. Gero haria matazetan biltzen da. Hari horri zeta gordina esaten zaio. Hortik aurrera haria landu egiten da, eta mota askotako hariak lortzen dira. Zetak luzatzeko ahalmena du (hasierako luzeratik % 20 gehiago luza daiteke); bustitzen denean berriro estutu egiten da (% 15-25). Dentsitate txikiagoa du kotoiak, artileak eta rayonak baino, ongi xurgatzen du (bere pisuaren herena duen isurkaria xurga dezake, hezetu gabe) eta oso ongi hartzen ditu tindagaiak. Artileak baino hobeto jasaten du beroa, eta 170 °C-tan desegiten da. Sukoia da, baina berez itzaltzen da. Luzatzeko ahalmena gal dezake gaizki gordeta edukitzen denean; eguzki argiak luze jotzen badu honda daiteke, baina nekez hartzen du lizunak.  v  Zetaren bidea. Hist. Antzinako merkatarien ibilbidea, Txina sartaldeko herriekin lotzen zuena, eta Erromako eta Txinako bi inperio handien ondasunak bezala ideiak alde batetik bestera eramateko erabiltzen zena. Zeta sartalderantz joan zen, eta artilea, urrea eta zilarra, berriz, sortalderantz. Nestorianismoa eta budismoa bide horretatik iritsi ziren Txinara. Bideak 6.400 km zituen; Tsian-en hasten zen, Txinako Harresian aurrera egiten zuen iparralderantz, Takla Makan basamortuan sartu gabe aurrera egiten zuen mendebalerantz, Pamir mendiak igo, Afganistan igaro eta aurrera egiten zuen, azkenean salgaiak Mediterraneoan itsasoratzeko. Gehienetan bidaia txandaka egiten zen, eta oso jende gutxik egiten zuen ibilbide osoa. Erromatarrek Asian lurraldeak galdu eta arabiarrek irabazi ahala, zetaren bidea bidaiak egiteko arriskutsu bihurtu zen. XIII eta XIV. mendeetan bideak berriro ospea hartu zuen mongolek aginpidea izan zutenean; Marco Polok, adibidez, handik egin zuen Txinarako bidaia. Gaur egun antzinako errepidearen zatiak erabili dira gainean berriak eraikitzeko.