Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

São Paulo

Brasilgo hego-ekialdeko estatua. 248.256 km2 ditu eta 33.069.900 biztanle. Hiriburua, São Paulo. Hiri nagusiak: Baurú, Campinas, Ribeirão Prêto, Santo Andre, Santos, São Caetana do Sul, São Jose do Rio Prêto eta Sorocaba. v Orografia eta hidrografia. 600 km luze den kostaldea laua da, zingiratsua alde askotan. Oihan tropikal hezeak estaltzen du kostaldea, eta barrualdera egin ahala Serra do Mar mendialdea dago (1.000-1.500 m). Mendialdearen atzean 900-400 m arteko goi-ordokia dago, Parana ibairaino jeisten dena, São Pauloko estatuaren mendebaleko muga eratzen duen ibairaino hain zuzen. Lurraldeko ibai gehienek Parana ibairako isurialdea dute: Grande (estatuko iparraldeko muga eratzen duena), Tiete (lurraldearen erdialdea alderik alde igarotzen duena) eta Parapanema (São Paulo eta Paranako estatuen arteko muga egiten duena). Ura zuzenean Ozeano Atlantikora isurtzen duten ibaiak askoz ere laburragoak dira eta ur emari txikikoak.  v  Klima eta landaretza. Kaprikornioko tropikoaren inguruan dago estatua, eta klima, beraz, epel-beroa da, kostaldeko itsas haizeek eta barnealdeko mendialdeetakoek eraginda. Batez beste 18 °C egiten du goi-ordokian eta 20 °C kostaldean. 2.000 mm euri ur biltzen da kostaldean eta 1.000-1.500 mm artean, barnealdean. Lurralde aberatsa da eta jatorrizko landaretza oparoak estaltzen ditu estatuaren alde asko. Azken urteetan nekazaritzaren (kafe sailak, behi aziendarako larreak) eta basogintzaren ondorioz murriztu bada ere, jatorrizko oihanek hartzen zuten eremua. v Ekonomia. Merkatu hurbilerako (okela, esnekiak, fruituak, barazkiak, patata, artoa, arroza) eta atzerrikorako (kafea, azukre kanabera, kotoia) antolatua da nekazaritza. Industria da (ehungintza, janari industria, altzairugintza, nekazaritzarako makineria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, automobilgintza, hegazkingintza, kimika industria, papergintza, petrolio findegiak), ekonomia jarduera nagusia. Paraná ibaira biltzen diren adarretan eraikitako indar-etxeek hornitzen dituzte, neurri handi batean, São Paulo eta Santos hirietako industrialdeetako indar-eskariak. Komunikabideei dagokienez, errepide, burdinbide eta autopista sare handiak lotzen ditu hiri nagusiak estatuko hiriburuarekin; São Paulokoaz gainera, badira beste aireportuak ere hiri handienetan.