Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

São Francisco

Brasilgo ekialdeko ibaia. 2.914 km luze da eta 631.133 km2-ko ibai arroa hartzen du. Canastra-ko mendietan du iturburua (Minas Gerais-eko estatuaren hego-mendebalean), 1.000 m-tik gora; ipar-ekialdeko norabidea hartzen du eta, Bahiako estatuan barneratu ondoren, ekialdera egiten du ura Ozeano Atlantikoan isuri arte, Aracaju-ko hiritik iparraldera. Klima tropikaleko eremu batean du iturburua, eta guztiz lurralde lehorretatik igarotzen da. Ur-jauzi ugari daude ibaiaren ibilguan zehar (Pirapora, Itaparica, Paulo Alfonso), horietariko zenbait indarra ekoizteko erabiltzen direnak. Ontziz ibiltzeko egokia da 1.600 km-tan zehar. Velhas da São Francisco ibaiaren adar nagusia (1.135 km).