Sanz Sesma, Miguel
Nafar politikaria (Corella, 1952). UPN alderdiko kidea da eta Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakaria 1996. urteaz geroztik. Irakasletzan lizentziaduna da. Politikan hasi aurretik, bankuen sektorean egin zuen lan. 1983tik 1991era Corellako alkate izan zen, eta 1983tik aurrera foru parlamentaria, UPNtik. 1991etik 1995era, Juan Cruz Alli lehendakari zela, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Lehendakaritza Kontseilaria izan zen. Halaber, 1991tik 1994ra bitartean, Toki Administrazioko Kontseilaria eta Lurralde Antolamendua eta Ingurugiro Kontseilaria izan zen. 1995ean bera izan zen UPNko zerrenda burua Nafarroako Parlamenturako, eta beste alderdietako hautagaiek baino boto gehiago jaso zituen. Hala ere, CDN, PSN eta EA alderdiek bat egin eta PSNko buru Javier Otano izendatu zuten lehendakari. 1996ko irailean, ordea, Otanok dimisioa eman behar izan zuen, ustelkeria kasu batean nahastuta egoteaz akusatuta, eta Sanzek eskuratu zuen lehendakaritza, zerrenda bozkatuena izateagatik. Harrezkero, bera da Nafarroako lehendakari. Sanzek Nafarroa Espainiako zati izatea defendatzen du eta Espainiako Konstituzioaren aldi baterako 4. Xedapena ezabatzearen aldekoa da, Nafarroako Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak bat egin ahal izatea baimentzen duelako. Euskarari dagokionez, egungo araudia defendatzen du, hau da, lurraldea hiru hizkuntza eremutan zatituta egotea. Halaber, uko egiten dio euskal alderdi abertzaleekin inolako itunik egiteari, ETArekin lotzen dituelako. 2008aren bukaeran, bere alderdiak Alderdi Popularrarekin (PP) urtetan egindako ituna haustearen alde agertu zen.