Sanz Ramírez, Carlos
Gipuzkoar margolaria (Donostia, 1943 - Donostia, 1987). Bizitza osoko eritasun batek, hemofiliak, haren bizimodua eta lanbidea baldintzatu zituen. Zuzenbide ikasketak egin zituen Donostiako EUTGn. Erakusketa askotan hartu zuen parte Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, bakarka nahiz taldean, eta sari asko irabazi zituen. Bakarkako lehen erakusketa 1967an egin zuen, Donostian. Urte horretan bertan Gipuzkoako Artisten Elkarteko lehendakari hautatu zuten. Sanzek bere garaiko gizarte arazoekiko kezka (Vietnamgo gerra, tortura…) eta gizakiaren sufrimendua eta oinazea islatu zituen bere koadroetan (errealismo soziala), Rembrandt-en idi larrutuak gogorarazten dituzten gorputz edo haragi puskatuak, desitxuratuak, era gordinean margotuz, gehienetan margo hotzak erabiliz. Koadroez gainera (Besteak beste, Donostiako San Telmo museoan ikusgai dagoen Edozertarako kaxak; 1968), collageak, aquaforteak, kutxak eta marrazki bikainak egin zituen.