Done Jakue bidea
Astr. Espiral forma duen galaxia, 100 bilioi izar inguru, Eguzkia barne, dituena. Esne bidea ere esaten zaio, gauetan, udan batez ere, ikus daitekeen izar ildo zuria baita. Beste galaxiak bezala, izugarrizko izar multzoez batez ere, eta gutxixeago hautsez eta gasez, osatua da. Itxuraz erdigune trinko samar batez eta espiralean bildutako beso arinagoz osatutako disko zapal bat da; erdigunea izar multzo itxi batez osatua du, Eguzkitik Sagitario konstelazioaren norabidean. Galaxiaren diskoaren diametroak 100.000 argi/urte ditu eta batez besteko lodiera 10.000 argi/urtekoa (erdigunean lodiagoa da). Eguzkia galaxariaren erdigunetik 30.000 argi/urtera dago, eta 200 milioi urte behar ditu galaxia osoaren inguruan bira osoa emateko. Galaxiako osagaiak biribilaren simetria ardatzaren inguruan biraka ari dira, zenbat eta erdigunerako orduan eta lasterrago. Eguzkiak, adibidez, 220 km/s-ko lastertasunean egiten du bira. Galaxian izarrak etengabe ari dira eratzen; gaur egun, galaxiaren molekula-hodeien barruan, urtero izar berri bat sortzen dela pentsatzen da. Eguzki sistema Done Jakue bidearen barruan dagoenez gero, Lurretik bidearen zeharkako ikuspegia hartzen da. eta ez oso garbia; zerrenda zabal zuri baten erara ikusten da.