Santiago
Kubako ekialdeko hiria eta portua, izen bereko probintziako (6.346 km2 ditu eta 919.135 biztanle) hiriburua, izen bereko badiaren ertzean (Karibe itsasoa), Sierra Maestra mendialdearen ondoan. 404.829 biztanle. Unibertsitatea. Aireportua (hiritik 4 km-ra). Burdinbide eta errepide gune garrantzitsua. Jarduera handiko merkataritza portua (azukrea, tabakoa eta fruitu tropikalak esportatzen ditu) eta Cauco ibaiaren haraneko nekazaritza produktuen (kafea, kakaoa, azukre kanabera, tabakoa) merkataritza hiria da. Kubako industria eremu garrantzitsuenetakoa ere bada (janari industria, ron destilategiak, tabakogintza, kimika industria, metalurgia, ontziolak, tresneria mekaniko eta elektrikoak, eraikuntzarako gaiak) eta inguruko mendietan burdina, kobrea eta manganesoa ateratzen dira. Turismoak ere garrantzi handia du hiriko ekonomian. Monumentuei dagokienez, kolonia garaietako arte lan ugari kontserbatu ditu, beste asko eta asko lurrikarek suntsitu badituzte ere. Aipagarriak dira XIX. mende hasierako katedrala, aurrealde barrokoa duena (1770. urteko lurrikarak suntsitu zituen XVI eta XVIII. mendeetako katedralak), XVIII. mendeko zurezko elizak eta mende bereko jauregi eta etxeak, zurezkoak gehienak. v Historia. 1514. urtean sortu zuen hiria Diego de Velázquez-ek eta Kubako uharteko lehen hiriburua izan zen. 1607. urtetik aurrera Maisi lurmuturraren eta Puerto Principe hiriaren arteko lurraldeko hiriburua izan zen. Ingelesek eraso zuten 1659 eta 1741. urtean eta lurrikara bortitzak jasan zituen 1675, 1679 eta 1766. urteetan, baina hiriak hazten jarraitzen zuen Jamaikako uhartearekin zituen merkataritza harremanei eta Santo Domingoko etorkinei esker. 1827. urterako 27.000 biztanle zituen hiri gotortuak. Kubako iraultza garaian Moncadako kuartela eraso zuten Fidel Castroren gizonek (1953) eta 1961. urtean, Giron hondartzan lehorreratu aurretik, hiriko aireportua bonbardatu zuten Estatu Batuek.