Santiago Konpostelakoa
Galiziako Autonomia Erkidegoko eta Coruñako probintziako hiria, Sar eta Sarela ibaien bilgunetik hurbil, Coruñako hiriaren hego-mendebalean. 88.000 biztanle. Unibertsitatea. Industria (janari industria, metalurgia, zurgintza, eskulanak, destilategiak, papergintza) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Garai askotako monumentuak ditu. Guztien artean Plaza Nagusiko katedral erromanikoa da obrarik nabarmenena. 1078. urtean hasi ziren eraikitzen eta, molde ezberdinei jarraituz, 1747. urtean amaitu zuten. El Obradoiro izeneko aurrealde barrokoa da atalik ikusgarriena (1667-1747) baina nabarmentzekoak dira, halaber, Gloria izeneko portiko erromanikoa (1188), XVII. mendeko burualdea, Jakue apostoluaren hilotza gordetzen duen hilobia eta kripta eta horren gaineko kapera nagusia, eta XVI. mendeko klaustro platereskoa. Aipagarriak dira, halaber, Plaza Nagusian dagoen Errege-erregina Katolikoen egoitza (1501-1511), San Jeronimo (1501), Fonseca (1530) eta San Klemente (1601) eskolak, 1532. urtean sortutako unibertsitatea (1750. urtekoak dira egungo egoitzak), X. mendeko San Martin Pinario monasterioa (XVII. mendean berritua eta gaur egun apaizgaitegia dena), XIII. mendeko San Frantzisko monasterioa, XII. mendeko Santa Maria Salome eliza eta mende bereko Santa Maria la Real eliza, udaletxe neoklasikoa eta XII. mendeko artzapezpikuaren jauregia. v Historia. IX. mendean sortu zen hiria, tradizioaren arabera Teodomiro, Iria Flaviako apezpikuak, Done Jakue apostoluaren hilobia aurkitu zuela jakinarazi zionean Asturiasko Alfontso II.ari. Alfontso III.ak basilika bat eraiki zuen (910) Alfontso II.ak eliza eraiki zuen tokian. Vermudo II.aren agintaldian, ordea, hiria erabat suntsitu zuen Almanzor musulmanak (997). Hiria berriro eraiki zuten eta harresiez inguratu zuten ondoren. Iria Flaviatik Santiagora aldatu zuten apezpiku-hiria eta hirirako erromesaldiekin batera, merkataritza gune garrantzitsu bihurtu zen XI. mendetik aurrera. XV. mendean hiria setiatu zuten jauntxo eta lur jabe handien mende zeuden nekazariek (1431) eta 1467. urteko matxinadak hiritik egotzi zuen Fonseca artzapezpikua, hark Gaztelan mertzenarioz osaturiko gudaroste bat antolatu ondoren, hiria berreskuratu zuen arte. Nekazariek hiritik alde egin zuten eta, horrela, elizak bere ondasunak areagotu zituen XVI-XVII. mendeetan, haien lurrez jabetu baitziren. Frantsesen esku egon zen 1809. urtean, baina hilabete gutxiren buruan galiziarren mende zen berriro ere. Biztanle hazkuntza nabarmena izan zen XIX. eta XX. mendeetan eta horrekin batera industrializazioa hasi zen. Frankismoaren garaian diktaduraren aurkako Galiziako gune nagusia izan zen eta iragaitza garaian, Galiziako nazionalismoaren ardatza. Han dago Galiziako Xuntaren egoitza.