Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santiago

Txileko errepublikako eta izen bereko probintziako (15.349 km2 eta 5.236.300) hiriburua, Txileko estatuaren erdialdean, Mapocho ibaiaren ertzean, Ande mendien ekialdean. 3.605.000 biztanle (5.236.300 biztanle ditu hirialdeak). Hiru unibertsitate. Nazioarteko aireportua, aireportu militarra eta beste hiru aireportu txiki izateaz gainera, lehen mailako burdinbide eta errepide gunea da. Metropolitanoa da, bestalde, hiriko komunikabide nagusia. Ekonomiari dagokionez, Txileko industria nagusiak biltzen dira hiriburura; janari industria, ehungintza, zapatagintza, metalurgia, larrugintza, kimika industria eta tresneria elektrikoa eta mekanikoa dira industria hedatuenak. Lehen mailako finantza gunea ere bada, eta bertan daude Txileko eta atzerriko banketxerik garrantzitsuenak. Monumentuei dagokienez, ondo gorde dira kolonia garaietako artelanak, lurrikara ugari jasan dituen hiria izan arren. Aipagarriak dira gobernariaren jauregia, XVI. mendeko katedrala (XVIII-XIX. mendeetan berritua), XVI-XVIII. mendeetako San Frantzisko komentua, XIX. mende hasierako domingotarren komentua, San Agustin eta Mesedetakoaren eliza neoklasikoak, XVI. mendeko Conquistako kondeen jauregia, Korrejidorearen ostatua delakoa, XIX. mendeko Cousiño jauregia, Lehendakariaren jauregia (antzinako diru-etxea) eta XX. mendeko eraikuntzak (Arte Ederretako museoa, Liburutegi nazionala, Artxibo nazionala).  v  Historia. 1541. urtean sortu zuen hiria Pedro de Valdivia Txileko konkistatzaileak. Harresiez inguratu zuten jatorrizko hiria eta oparotasun handia izan zuen XVI. mendetik XVII. mende hasiera arte. 1647, 1657 eta 1688. urteetako lurrikarek, ordea, eragozpen handiak jarri zizkioten hiriaren hazkuntzari. XVIII. mendean diru-etxea eta San Felipe unibertsitatea eraiki zituzten, eta mende bukaerarako Txileko komunikabide sarerik oparoena zuen hiria zen Santiago. 1818an egin zuten errepublikako hiriburu eta XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran oparotasun handia izan zuen, mea enpresek, lehengaiak esportatzeko Valparaisoko portuarekin harreman zuzenak baitzituzten, utzitako kapitalari esker. XX. mendearen erdialdean krisi sakonean murgildu zen hiria eta greba asko egin ziren bizitzaren garestitasunaren aurka; estatu kolpe saioak ere izan ziren (1949, 1969). Salvador Allende aginpidean zenean ere (1970-1973), greben eta mobilizazioen ondorioz, estatu kolpe militar bortitz bat izan zen. 1973. urtean Augusto Pinochet militarrak Allende aginpidetik egotzi zuen estatu kolpea jo zuen (Diru-etxea bonbardatu eta Allende hil zuen) Santiagotik bertatik, eta kontzentrazio esparru bihurtu zuen hiriko estadio nazionala.