sanskrito
(Eusk. “landua”, “perfektua”). iz. Hizkl. Antzinako indoariar hizkuntza, Indiako hinduen literaturako hizkuntza klasikoa. Sanskritoaren aurreneko forma vedikoa da, K.a. 1500 inguruan jadanik Rigvedan erabilia, gaur egungo Indiako eta Pakistango iparraldean mintzo zen hizkuntzan oinarritua. K.a. V. mende inguruan Panini-k eta beste gramatikari batzuek arautu eta finkatu zuten hizkuntza. Geroztik, Paniniren eredutik zerbait aldentzen den sanskrito klasikoa K.a. V. mendetik K.o. X.era loratu zen, eta goi klaseen artean ohiko kultura hizkuntza izan zen. Hartatik eratorri zen prakrit edo hizkuntza arrunta. Egun sanskritoa, gutxi bada ere, devanagari idazkeran erabiltzen da, jakintza gizonen arteko komunikabide gisa, eta baita zenbait literatura idazkietan ere. Sanskrito klasikoz idatzitako testu anitz gorde direnez, antzinako hizkuntzen arteko ezagunenetarikoa da. v Gramatika. Sanskritoaren gramatika eta antzinako indoeuropar hizkuntzena (latina, grekoa) antzekoa da. Hain zuzen ere, XIX. mendearen lehen erdian, antzekotasun horrek hizkuntza horien guztien aurreko bakar bat (indoeuroparra) izan zelako hipotesiari bide eman zion, eta horren ondorioz, indoeuropar hizkuntzalaritza sortu zen. Sanskritoaren morfologia aski konplexua da: izenak zortzi kasu ditu, hiru numero (singularra, plurala, duala) eta hiru genero (maskulinoa, femeninoa, neutroa), eta adizkiak anitz dira. Sistema fonetikoa ere aberatsa da: 46 fonema, haietarik 13 bokal eta 33 kontsonante. Maiz askotan hitzen segidan eta hitz baten morfema eta lexema elkartzean arau zorrotzak betetzen dituen sandhi fenomeno fonetikoa gertatzen da.