Sanson, Véronique
Frantses musikagilea eta abeslaria (Paris, 1949). Frantses abestigintza nahiko motel zebilen garaian, Véronique Sansonen Amoureuse diskoa (1972) gertaera nabarmena izan zen. Entzuleek harrera ona egin zioten vibrato oso bereziko ahots hari, rock eta sanba ukituak dituen musikari, eta freskotasunez betetako testuei. Oso ospetsu egin zen Vancouver (1976) eta Hollywood (1977) lanekin. Azken lan horretan swingerako joera azaltzen da. Ondoren, oinarri poetiko eta etsipenezko lanak egin zituen, bluesaren eraginpean: Ma révérence (1979), Le temps est assassin (1983). Beste batzuetan erritmo etorri nabarmeneko lanak egin zituen, entzuleen artean arrakasta handia izan zutenak: Celui qui n'essaie pas (1979), Rien que de l'eau (1992). Estatu Batuetan egin zituen urteetan, trebetasun handia lortu zuen eszenan eta erritmo eta sentiberatasunezko jai handi bilakatu ziren bere kontzertuak. Pragako Orkestra Filarmonikoarekin Symphonie Sanson lana grabatu zuen, eta I Muvrini Korsikako taldearekin ere lan egin du.