Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sanson

(Hebr. Shimshom). Israelgo epaileetariko bat, K.a. XII. mendekoa. Epaileen liburuan azaltzen dira filistarren aurkako haren balentriak. Adats luzeak zituen eta, tradizioaren arabera, adats luze horiei esker zen hain indartsu. Israelen erresistentzia irudikatzen zuen Sansonek eta juduen itxaropena bihurtu zen. Maitale batek ordea, Dalilak, Sansonen indarra adats luzeetan zetzala jakin zuenean ilea moztu zion eta filistarren esku utzi zuen. Filistarrek begiak hustu zizkioten eta putzu-gurpil bati birak ematera kondenatu zuten. Denboraren poderioz ilea hazi zitzaion eta Dagan-go tenplura jai batean erakusgai eraman zuten batean, zutabe batera hurbildu eta erauzi egin zuen. Filistar ugarirekin batera geratu zen lurperatuta.