Sanjurjo Sacanell, José
Nafar militarra (Iruñea, 1872 - Cascais, Portugal, 1936). Koronel karlista baten semea zen. Ikasketa militarrak egin zituen eta parte hartu zuen Kubako gerran (1895-1898). 1909tik aurrera Marokon jardun zuen eta 1925ean teniente jeneral egin zuten. 1923an Primo de Rivera-ren estatu kolpean parte hartu zuen eta 1926an Maroko-ko gerrako azken kanpainetako buru izan zen. 1931. urtean Goardia Zibileko zuzendari nagusi egin zuten. 1932ko abuztuan errepublikaren aurka matxinatu zen Sevillan (sanjurjada deitu zitzaion matxinada hari), baina huts egin zuen. Atxilotu eta epaitu ondoren, hiltzeko kondena eman zioten, baina betiko kartzelara aldatu zuten azkenean epai hura. 1934an erbesterako bidean jarri zuten eta Portugala jo zuen. 1936ko Gerra Zibila hasi zenean, Iruñerantz abiatu zen, matxinatuen buru jartzeko, baina Cascais-ko aerodromoan bertan hil zen, hegazkinak horma bat jo ondoren. v Sanjurjada. 1932ko abuztuaren 10ean, Sanjurjo jeneralak, Fal Condek eta Rodeznoko kondeak beste militar batzuekin Sevillan eta Madrilen antolatu zuten matxinada. Azañak gudarosteari buruz zituen aldaketa-proiektuen aurkako matxinada izan zen. Gobernuak, ordea, garaiz jakin zuen zer gertatzen zen. Sevillako hiri osoa, gainera, greban jarri zen eta matxinadak ez zuen aurrera egin.
- Sangüesa
- Sanguinetti, Julio María
- Sanjinés, Jorge
- sanjosetar
- sanjuandar
- Sanjurjo Sacanell, José
- Sankara, Thomas
- sankhya
- Sankt Gallen
- Sankt Gallen
- Sankuru