Sanjinés, Jorge
Boliviar zinema zuzendaria (La Paz, 1936). Boliviar zinemaren buruetako bat eta Latinoamerikako zuzendari nagusietakoa. Harrigarria bada ere, zinemaren industriak markatzen dituen mugetatik kanpo lan egin du beti; bere filmetan, adibidez, aimara hizkuntza txikia erabiltzen du. Baina oztopoak oztopo, film horiek ospe handiko sariak irabazi dituzte (La nación clandestina Donostiako Urrezko maskorra irabazitakoa da), eta batzuetan Europako ekoizpen enpresen diru laguntza jasotzen dute, Boliviako indiarren artean marxismoa zabaltzeari uko egin gabe, betiere. Izan ere, zinema zuzendari militante horrek herri xehearen zapalkuntza, lur jabeen basakeriak, eta pobreei gizarte mailan gora egitea eragozten dieten hezkuntzaren hutsuneak salatu izan ditu beti bere filmetan. Sanjinés 1961ean sartu zen zinemaren munduan. Lau urte geroago, Boliviako Zinema Institutuaren zuzendari izendatu zuten, eta film luzeak egiten hasi zen. Lehen filma –Ukamau (Horrela da)– egin orduko, baina, gobernuak kargutik kendu zuen, filmaren edukiagatik. Hurrengoan, Yawar mallku (Kondor odola), Estatu Batuen inperialismoa salatu zuen. Hasieran agintariek debekatu egin zuten filmaren emanaldia, baina herriaren presioak behartuta, estreinatu ahal izan zen; El coraje del pueblo filmean herri batean sarraskia egindako militarrak salatzera iritsi zen, justiziak zigortu gabe aske utzi zituenak. 1972an Hugo Banzer diktadoreak Boliviako aginpidea indarrez hartu zuenean, erbestera joan zen ihes. Film laburrak: Cobre (1958); El manguito (1959); Sueños y realidades (1961); Un día Paulino (1963); Revolución (1963); Bolivia, avanza (1964); Aysa (1965). Film luzeak: Ukamau (1966); Sangre de cóndor (1969); Los caminos de la muerte (1970); El coraje del pueblo (1971); El enemigo principal (1974); ¡Fuera de aquí! (1976); Las banderas del amanecer (1983); La nación clandestina (1989); Para recibir el canto de los pájaros (1995).