Sangallo, Antonio da
(Gaztea deitua). Italiar arkitektoa (Florentzia, 1483 - Florentzia, 1546). Bere garaiko Italiako arkitekto nagusia izan zen. Hogei urte zituela Erromara joan zen eta 1513an Alessandro Farnese kardinalaren etxea eraiki zuen. Kardinala Paulo III.a Aita Santu egin zutenean, Farnese-tarren jauregian (Palazzo Farnese) lan egin zuen 1534-1546 bitartean. Antzinako erromatarren moldeak erabili zituen bere lanetan. Horrez gainera, San Pedro basilikan ere lan egin zuen, Bramante-ren laguntzaile hasieran, arkitekto 1520. urtetik aurrera, eta arkitekto nagusi 1536tik aurrera. Vatikanorako proiektuaren zurezko maketa egin zuen, baina aldaketa garrantzitsuak egin zizkion Michelangelok proiektu hari.