Sampras, Pete
Estatubatuar tenis jokalaria, 1990eko hamarraldiko onenetako bat (Washington D.C., 1971). Txikitan hasi zen tenisean eta 1988an egin zen profesional. 1990ean, hemeretzi urte besterik ez zituela, Estatu Batuetako Irekia irabazten zuen jokalari gazteena bihurtu zen. 1992an Tenis Jokalarien Elkarte Profesionalaren sailkapenean hirugarren zen. Hurrengo urtean Wimbledoneko txapelketa irabazi zuen, Estatu Batuetako Irekia eta beste sei txapelketa. Guztira 83 aldiz izan zen garaile. Sampras munduko lehena izan zen 1993an eta 1994an. Azken urte horretan hamar txapelketa irabazi zituen, horien artean Wimbledonekoa eta Australiako Irekia. Horrez gainera, Italiako Irekia irabazi zuen; lehen aldia zen lurrezko pista batean irabazle zela. 1995ean Wimbledonen irabazle izan zen berriz ere, eta baita Estatu Batuetako irekian ere. Urte horretan ere munduko lehena izan zen. 1997an Australiako Irekia irabazi zuen bigarren aldiz, eta Wimbledonen laugarren aldiz izan zen garaile; orobat izan zen 1998an Wimbledongo garaile.