Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salvador

(Antzina São Salvador edo Bahia). Brasilgo ekialdeko hiria eta portua, Bahiako estatuko hiriburua, Todos os Santos-ko badiaren sarreran. 1.506.602 biztanle (2.125.792 biztanle ditu hirialdeak). Unibertsitatea. Errepide eta burdinbide gune garrantzitsua. Industria (petrolio findegiak, metalurgia, kimika industria, ehungintza, janari industria, tabakogintza, zapatagintza, eraikuntzarako gaiak, ontziolak), merkataritza (tabakoa, kakaoa, azukrea, larruak eta petrolioa esportatzen dira bertako portutik) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira, besteak beste, São Francisco katedrala, komentu, etxe eta jauregi kolonialak eta arte museo garrantzitsua. v Historia. Tome de Souza kolonizatzaile portugaldarrak sortu zuen hiria 1549. urtean, eta Brasilgo gobernari nagusiaren egoitza bihurtu zen. Brasilgo (Salvador-tik Rio de Janeiro artean) lurralde eta koloniako lehen hiriburua izan zen 1763. urtea arte, Rio de Janeiro hiriburu egin zuten arte alegia. Azukrearen eta kotoiaren merkataritzari esker Brasilgo iparraldeko ekonomia gune nagusi bihurtu zen XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran. Portugaldarren mendekotasunaren aurka oldartu zen lehen hiri brasildarra izan zen (1820).