Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salomon uharteak

(Izen ofiziala, Salomon uharteak; Ing., Solomon Islands). Ozeano Bareko estatua, Ozeaniako hego-mendebaldean, Melanesian, Salomon uhartediko Bougainville eta Buka uharteek ez beste guztiek osatua. 28.370 km2 eta 581.318 biztanle (2008, salomondarrak). Mugak: iparraldean Papua Ginea Berria eta Nauru; ekialdean, Tuvalu; hego-ekialdean, Fiji; hegoaldean, Vanuatu, hego-mendebaldean, Australia; mendebaldean, Papua Ginea Berria. Hiriburua: Honiara (33.700 biztanle, 1991). Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Etniak: melanesiarrak, % 93; polinesiarrak, % 4; besteak, % 3. Erlijioa: protestanteak, % 77,5 (% 34 anglikanoak); katolikoa, % 19,2; besteak, % 3,3. Dirua: Salomon uharteetako dolarra.  v  Orografia eta hidrografia. Salomon uharteak ipar-mendebaletik hego-ekialderako norabidean aurrez aurre jarritako bi uharte-ilara edo kate dira: Vella Lavella, Kolombangara, Georgia Berria eta Guadalcanal hegoaldean, eta Choiseul, Santa Isabel eta Malaita iparraldean. Bi ilarek bat egiten dute hego-ekialdean, San Cristobal uhartean. Uharte nagusi horiez gainera, beste uharte txiki eta atoloi asko daude. Sumendi jatorriko uharte menditsuak dira gehienak. Mendi garaiena Guadalcanal uharteko Makarakomburu da: 2.447 m. Sumendiak ere badaude, horietako batzuk piztuak. Batzuetan lurrikarak izaten dira. Uharte handienetan ur emari lasterreko ibai txikiak daude.  v  Klima eta landaredia. Salomon uharteek klima bero hezea dute, urtean zehar ia gorabeherarik ez duena: 27 °C eta 3.000 mm euri. Haize-erauntsiak izaten dira. Klima mota hori dela eta basoak lurraldearen % 90 hartzen du. Ustiatutako basoak hazkunde bizkorreko zuhaitzez landatzen dira. Biztanleak. Uharteetako biztanle gehienak melanesiarrak dira. Polinesiarrak gutxiengoa dira, eta uharte nagusietatik urrun dauden atoloietan bizi dira. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina biztanleen % 1-2k bakarrik erabiltzen du; biztanle gehienek ingelesa oinarri duen pidjina erabiltzen dute, eta beste 60 melanesiar hizkuntza eta dialekto baino gehiago ere erabiltzen dira. Erlijio nagusiak protestantea eta katolikoa dira, baina bietan agertzen dira bertako erlijioen ezaugarriak eta eragina. Biztanle gehienak herri txikietan bizi dira; urbanizazio maila % 10 ingurukoa da. Honiara hiriburua da hiri bakarra; Ginzo, Auki eta Kira Kira dira beste herri aipagarriak. Biztanle kopurua asko igotzen ari da, 1999ko aurreikuspenen arabera, % 3,1; jaiotza kopurua munduko batez bestekoa baino handiagoa da (emakumeko 5 haur inguru jaiotzen dira), eta heriotza kopurua munduko batez bestekoaren antzekoa. Bereziki azpimarratzekoa da bertako biztanleen gaztetasuna; izan ere, biztanleen % 45 da 15 urtetik beherakoa, eta % 3 bakarrik 65 urtetik gorakoa. Bizi itxaropena 72 urtekoa da, batez beste. Ekonomia. Salomon herrialde txikia da, azpigaratua. Bertako biztanle gehienak nekazaritzatik, arrantzatik eta basoak ustiatzetik bizi dira. Esportaziorako lantzen dira kokondoa, olio-palmondoa eta kakaotzea, baina bizibidea ateratzeko batata, taroa, ñamea, arroza, bananak eta barazkiak lantzen dituzte. Arrantzari dagokionez, atun txikia da gehiena harrapatzen dena (Katsuwonus), baina aipagarria da Salomonek bere eskumenean duen itsas eremuan arrantza egiteko Ozeano Bareko potentziei, eta batez ere Japoniari, baimenak saltzetik ateratzen den dirua. Industria jarduera nagusia zuraren lanketa da, eta zura da, hain zuzen ere, gehien esportatzen den gaietako bat. Lurpeko aberastasun handiak daude, batez ere beruna, zinka, nikela eta urrea, baina ez dira behar bezala ustiatzen. Asiako hego-ekialdeko krisiaren eraginez galera handiak izan dira, eta ekonomiak % 10eko beherakada izan zuen 1998an (bertako diruaren balioa % 20 murriztu zen). Gobernuak neurri gogorrak hartu behar izan zituen egoera kontrolatzeko, zerbitzu publikoen gastua eta beste gastu batzuk murrizteko. Dena dela, gobernuak defizita du, eta arazoak sortzen ari dira basoen soiltzearen eraginez. Atzerriko jabeen esku daude, bestalde, bertako ekoizpen eta finantzagune nagusiak. Biztanleko nazio produktu gordina oso txikia da, 950 dolar ingurukoa. Gobernua eta administrazioa. Salomon uharteek monarkia parlamentarioa osatzen dute, eta Commonwealth erakundearen barruan daude. Estatuburua, beraz, Britainia Handiko errege edo erregina da, eta gobernadore batek betetzen ditu haren ordezkoak. Aginpide betearazlea Lehen ministroaren esku dago, eta lau urtez behin aukeratzen da kargu hori, legegintza ahalmenak dituen legebiltzarreko 38 kideren botoen bidez. Administrazioari dagokionez, herrialdea zazpi probintziaz eta hiri nagusi batez osatua dago; datozen urteotarako bi probintzia berriren sorrera eta Honiarako barrutiaren desagerpena aurreikusten dira. Historia. 1568an Alvaro Mendaña de Neira espainiar itsasgizona iritsi zen uharteetara. Espainiarrak ez ziren uharteetan finkatu, eta luza gabe, han uste zituzten aberastasunak aurkitu ez zituztelarik, uharteekiko interesa galdu zuten. Geroago holandar, frantses eta britainiar esploratzaileak joan ziren. Lehenbizi misiolari katolikoak joan ziren eta, geroago, misiolari anglikanoak 1870 inguruan. Azken horiek han finkatu ziren. Handik XX. mendearen hasiera arte uharteko jatorriko biztanleak lanera behartu zituzten Fiji eta beste uharte batzuetako lursailetan. 1886an alemaniarrek eta britainiarrek hitzarmen bat izenpetu zuten, eta iparraldeko uharteak Alemaniaren babespean geratu ziren eta hegoaldeko uharteak Britainia Handiarenean. 1899an Alemaniak Britainia Handiaren babesean utzi zituen iparraldeko uharteak, Buka eta Bougainville izan ezik, hari Mendebaleko Samoa uharteak utzi izanaren ordainez. Lehen Mundu Gerran Australiako gudarosteek gainerako uharteak hartu zituzten. 1942an, Bigarren Mundu Gerran, japoniarrek hartu zituzten Salomon uharteak, eta Ozeano Bareko gudu latzenetako batzuk (Guadalcanal-eko gudua) izan ziren inguruko uharte eta itsasoetan. Protektoratuko hiriburua, Tulagi, suntsitua geratu zen. Gerra amaitu ondoren hiriburu berri bat eraiki zen Guadalcanal uhartearen iparraldean: Honaira. Handik aurrera, pixkanaka, uharteei gero eta autonomia zabalagoa eman zitzaien, eta 1978an burujabetasun osoa erdietsi zuten. Burujabetasuna lortu zuenez gero Lehen ministroen aldaketa etengabea izan da Salomoneko ezaugarri nagusietako bat; izan ere hiru urte inguru iraun izan dute beren karguan, eta politikako harremanak gorabehera pertsonaletan oinarrituak dira, alderdi politikoen arteko gorabeheretan baino areago. 1981ean Kenilorea Lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa sartu ondoren, Salomon Mamaloni izendatu zuten gobernuburu. Mamalonik arma nuklearrak garraiatzen zituzten edo energia nuklearrez zebiltzan itsasontzi edo hegazkinak herrialdean sartzeko debekua ezarri zuen, eta bigarren agintaldian (izan ere, 1986-1989 bitartean Ezekiel Alebua egon zen agintean, baina 1989an berriro ere Mamalonik hartu zuen kargua), Estatu Batuetako konpainia batek hondakin nuklearretarako biltegi gisa Salomoneko eremua erabiltzeari ezetza eman zion. 1994an Francis Billy Hilly izendatu zuten Lehen ministro, baina urrian Legebiltzarrak kargutik eraitsi zuen, eta Mamalonik hartu zuen berriz kargua. 1997an B. Ulufaalu aukeratu zuten Lehen ministro; ekonomia eta finantzen alorra eraberritzeko eta arrazionalizatzeko neurriak hartu ditu, eta helburu horiek izan dira bere politikaren ardatzak. Nazioarteko politikari dagokionez, 1992an, istiluak izan ziren Salomonen eta Papua Ginea Berriaren artean, Bougainvillek Papua Ginea Berriarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuela-eta. Bestalde, garrantzi handiko zeregina bete dute Salomon uharteek Ozeano Barearen hegoaldeko politikan, eta, azkenik, babesa eman diote Kaledonia Berriaren burujabetasunaren aldeko mugimenduari. 1999an, Guadalcanal Askatzeko Mugimenduak (MFG) Malaitatik etorritakoei eraso zien; malaitarrek, berriz, armada pribatu bat eratu zuten eta 2000an Lehen Ministroa bahitu aurrena eta agintetik bota zuten gero. 2001ean MFG eta Malaitar armadak bake hitzarmen bat sinatu zuten. 2003an, zikloi batek uharteak erraustu zituen. 2007an, tsunami batek 20 hildako, ehunka zauritu eta kalte handiak eragin zituen.
www.pmc.gov.sb