Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salomon

(Hebr. Selomo). Israelgo erregea, Dabiden eta Betsaberen semea (K.a. 970 - K.a. 931). Aginpidera iritsi zenean Adoniya, anaia zaharrena, eta Joab, Dabiden jenerala, aldendu zituen. Faraoiaren alabarekin ezkondu zen eta Tiro-ko errege zen Hiram I.arekin hitzartu zen bere erresuma monarkia handi bihurtzeko. Gotorlekuak eraiki zituen kanpotik irits zitezkeen erasoei aurre egiteko eta merkatarien karabanak babesteko. Akabako golkoan garai hartan metal preziatua zen kobrea erabiltzeko findegiak eraiki zituen eta, ondoren, itsas ontziteria bidali zuen Itsaso Gorrira Ofir-ko lurraldeko produktuak Israelera ekartzeko asmoz. Jerusalem-go jauregia eta errege jauregia eraikiarazi zituen. Oso gizon jakintsua bide zen eta poesia bildumak ere idatzi zituen. Koranak berak Mahomaren aitzindaritzat hartzen du Salomon. Bere agintaldiaren amaiera erresumaren gainbeherarekin bat etorri zen, eta hil zenean Israelen eta Judaren arteko bereizketa areagotu egin zen.