salmoniforme
izond. Zool. Aktinopterigioen klaseko izen bereko ordenako arrainez esaten da. Salmoniformeek, oro har, itxura eta bizitzeko leku jakinik ez dute. Salmonidoen familiakoak, esate baterako, ardatz itxurako luzaranak dira, eta idiakantidoak eta txauliodontidoak, berriz, gorputz mehe samarrekoak eta oso buru eta hortz handikoak dira, itxura itsusikoak. Itsasoan eta ibaietan bizi daitezke, eta batzuk itsasoko azpi handietan (3.000 m inguru) bizi dira. Behe mailako arrainen egitura izatea eta hegalak antzera kokatuta edukitzea dira ordena horretako arrainen ezaugarri orokor nagusiak. 1.000 bat salmoniforme mota ezagutzen dira. 55 familia inguru biltzen dira ordena horren baitan; horietan ezagunenak salmonidoak eta timalidoak dira.