Sagan, Carl
Estatubatuar zientzialaria (New York, 1934 - Seattle, 1996). Fisika ikasi zuen Chicagoko Unibertsitatean, eta han graduatu zen hogei urte zituela. 1960an astronomia eta astrofisikan egin zuen doktoregoa. 1961ean hainbat artikulu idatzi zituen planetei buruz, eta ospe handia izan zuen zientzialari eta gai zientifikoetako dibulgatzaile gisa. 1962an Harvardeko irakasle izendatu zuten, eta Smithsonian Institution-eko Astrofisika Behatokian sartu zen. Garai horretatik aurrera NASA-rekin lan egin zuen, eguzki sistemaren ikerketan batez ere. 1966an J.B. Pollack eta R. M. Goldstein-ekin Artizarraren gainaldearen ikerketa batzuk egin zituen radarrarekin, eta bertan 10 km-ko garaiera duten mendiak daudela frogatu zuen ikerketa haien bidez. 1978an Pulitzer literatura saria irabazi zuen Edeneko dragoiak liburuarekin. Lan horretan gizakiaren garunaren bilakaerari buruzko ideiak azaltzen ditu. Hala ere, nazioartean Cosmos telebista sailarengatik egin zen ospetsu Sagan. Azken urteetan Cornelleko Unibertsitateko ikerketa planetarioen behatokiko zuzendari izan zen. Lurraren inguruko espazioaz gainera, bizitzaren sorrerari eta Unibertsoari buruzko gogoetak egin zituen; Zer da bizitza? lanean bildu zituen gogoeta horietako batzuk.