Ryobu-Shinto
edo Shingon-Shinto. Erl. Japoniako erlijio sinkretikoa, Shinto bertako erlijioaren eta budismoaren Shingon sektaren irakaspenak biltzen dituena. Shinto-ren jainkoak (kami) buda edo bodhisattva handien egokitze japoniarrak direlako sinestea zen erlijio molde horren oinarria. Ildo beretik, Amateratsu eguzkiaren jainkosa eta Vairokana (“Eguzki handia”) budarekin berdintzen zen. Ryobu-Shinto eskola beranduko Heian aldian (794-1185) eta Kamakura aldian (1192-1333) garatu zen, eta eragin handia izan zuen gainerako erlijio sinkretikoen bilakabidean. Ryobu-Shinto-k, adar askotan banatua, XVIII. mendea arte iraun zuen.