Rumor, Mariano
Italiar politikaria (Vicenza, 1915 – Vicenza, 1990). Maisu ikasketak egin zituen Paduako Unibertsitatean, eta maisu izan zen harik eta 1939an Bigarren Mundu Gerra piztean italiar armadan sartu zen arte. 1943an faxisten aurkako erresistentzian sartu zen. Politika kargu garrantzitsuak bete zituen: 1948an, parlamentu demokratikoan Demokrazia Kristaua alderdiko diputatu aukeratu zuten; 1959-1963ko gobernualdian Nekazaritzako ministro izan zen, eta Barne ministro izendatu zuten 1963an; Demokrazia Kristauko idazkari nagusi kargua hartu zuen 1964-1968 epean, eta gobernuburu izan zen 1968-1970 bitartean. Garai zaila izan zuen: batetik, bere alderdia urte luzeetako agintaldiak ahituta zegoelako, eta bestetik, ezker nahiz eskuin muturreko taldeen indarkeria ikaragarri areagotu zelako. Epe horretan alderdi barruko joeretatik urrundu, eta zentrotik agintzen saiatu zen. Ondoren, ordea, Aldo Moro politikariaren lagun zelarik, ezker alderako joera hartu zuen. 1973-1974 bitartean berriro ezarri zuten gobernuburu, eta 1974-1976ko gobernualdian Kanpo Arazoetarako ministroa izan zen. Azken urte hartan ustelkeriaz salatu zuten arren, 1978an parlamentuko ikerketetan ardura guztietatik libre geratu zen. Harrezkero, Italian zuen indar politikoak behera egin zuen, baina Europako parlamentario karguan jarraitu zuen 1974tik 1984 arte. Horrez gainera, Internazional Demokratakristauaren presidente ere izan zen 1965 eta 1982. urteen artean.
- Rulfo, Juan
- Rumelia
- Rumma Wadi al-
- Rummel
- Rummenigge, Karl Heinz
- Rumor, Mariano
- runa
- runba
- Rupert
- Ruperto printzea
- rupia