Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ruanda

(Izen ofiziala, Ruandako Errepublika). Afrikako ekialdeko estatua, munduko herrialde pobreenetako bat. 26.338 km2 eta 10.186.063 biztanle (2008, ruandarrak). Mugak: iparraldean, Uganda; ekialdean, Tanzania; hegoaldean, Burundi; mendebaldean, Zaire. Hiriburua: Kigali. Hiri nagusiak: Butare, Ruhengeri eta Gisenyi. Hizkuntza ofizialak: kinyarwanda eta frantsesa. Etniak: hutuak, % 84; tutsi edo batutsiak, % 15; twa-k, % 1. Erlijioa: katolikoa, % 65; animismoa, % 17; protestantea, % 9; musulmana, % 9. Dirua: Ruandako frankoa.  v  Orografia eta hidrografia. Ruandako lurraldea garaia da. Itsasoa baino 1.500 m gorago dago. Nilo eta Kongo ibaietako uren banalerroa osatzen duten mendiek zerharkatzen dute Ruandako mendebala iparraldetik hegoaldera. Mendi horien mendebaleko beheko aldean Ruandaren eta Zaireren arteko muga egiten dute Kivu aintzirak (2.699 km2) eta handik Tanganyika aintzirara doan Ruzizi ibaiak. Mendietatik ekialdera dagoen lurraldea, mendebalekoa baino askoz zabalagoa, 1.700-1.300 m bitarteko garaiera duen goi-ordokia da, gainbehera leunean Ruandaren eta Tanzaniaren arteko muga egiten duen Kagera ibaiaren ibar zingiratsuraino doana. Kagerak, Tanzanian barrena, Victoria aintzirara isurtzen du ura, eta Nyabarongo, erdialdean, eta Akanyaru, hegoaldean, ditu ibaiadar nagusiak. Lurraldearen hego-ekialdea sakonune bat da, aintzira txiki asko dituena. Ipar-mendebalean, Zairerekin muga egiten, sumendi garaiak daude (Karisimbi sumendia, 4.507 m).  v  Klima eta landaredia. Ruandak klima epela du, lurraldearen garaierak samurtzen baitu Ekuatore aldeko beroa. Sasoika euritsua da. Urtean, batez beste, 19 °C eta 1.143 mm euri izaten dira lurraldearen erdialdean. Bi euri sasoi eta bi lehor sasoi izaten dira urtean zehar: euria urritik abendura eta martxotik maiatzera, eta lehortea urtarriletik otsailera eta ekainetik irailera.  v  Basoak lurraldearen % 10 hartzen du, mendebaleko mendialdean gehiena. Sumendietan eta lur garaienetan banbua hazten da. Gainerakoa zuhaitzekiko edo belarrekiko sabana eta lursailak dira. Biztanleak. Afrikako lurralderik txikienetako eta jendeztatuenetako bat da Ruanda. Hiru etniek osatzen dute Ruandako biztanleria: hutuek, tutsiek eta twa-ek. Hutuak nekazariak dira, eta biztanleriaren gehiengoa osatzen dute. Tutsiak abeltzainak dira, eta ahaltsuenak izan ziren garai batean. Twa pigmeoak oso gutxi dira, eta ehiztariak, arrantzaleak eta ontzigileak dira ogibidez. Biztanleen % 7 baino ez da hirietan bizi. Kinyarwandaz eta frantsesaz gainera, swahilia ere erabiltzen da, lingua franca gisa. Ruandako osasunaren eta azpiegituren egoera oso txarra eta urria da. Osasun arazo nagusiak haurdunaldi eta erditze arazoak, HIESa, malaria eta beste eritasun kutsakor batzuk, eta elikadura urritasunetik eratorritako eritasunak dira. Bizi itxaropena 36 urtekoa zen 1996an. 1994an hutu eta tutsien artean izan ziren borroken ondorioz, 2 milioi lagundik gora Ruanda utzi eta Burundi, Tanzania, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikora ihes egin zuten; Nazio Batuetako Iheslarien Goi Batzordeak erabakitakoaren arabera, 1996an eta 1997aren hasieran milioi batetik gora hutu itzuli ziren Ruandara. 1997an ehun mila ruandar baino gutxiago gelditzen ziren Ruandatik kanpo. Ekonomia. Ruanda munduko estatu behartsuenetako bat da. Lurraldearen baliabide urriak, biztanleen ugaltze bizkorrak eta, batez ere, etnien arteko gatazkek, ekonomiaren hazkundea eragozten dute. Kanpoko herrialdeen laguntza, bai ekonomian bai beste alor batzuetan, funtsezkoa du Ruandak. Biztanle gehienak nekazaritzatik eta abere hazkuntzatik bizi dira. Lantzen diren gai nagusiak kafea, tea, tabakoa, babarrunak, basartoa eta batata dira; kafea eta tea esportatzeko lantzen dira. Abere hazkuntza gehiegi hazten ari da eta gobernua saiatzen ari da abere hazkuntza eta elikadura metodo modernoak sartzen. Ruandan meak dira bigarren diru iturri nagusia; kasiterita, berilioa eta urrea ustiatzen dira batez ere. Garraiobideak urriak eta aurreratu gabeak ditu Ruandak. Ez da burdinbiderik, eta errepide gehienak asfaltoz estali gabe daude. Historia. Ruandako lehen biztanleak twa etniako pigmeoak izan ziren. Aspaldi, ordea, gaur egungo Kongotik joan ziren hutu nekazariak sartu ziren lurraldean, eta pigmeoak menderatu zituzten. Harrezkero Ruandako gehiengoa osatzen dute hutuek. XIV. mendearen hasieran tutsiak gaur egungo Etiopiatik joan ziren beren ardi eta behiekin, bizitokia hartu zuten Ruandako lurraldean, eta lur eta abere zaintzarako itunen bidez, hutu nekazariei gailendu zitzaizkien. Tutsiek estatu handi bat sortu zuten Afrikako erdialdeko aintziren inguruan, Kitara, geroago erreinu burujabeetan banatu zena. Horietako bat gaur egungo Ruanda da. Tutsiek feudalismoan oinarritutako sistema sozioekonomikoa ezarri zuten, mailakatua, XX. mendea arte iraun zuena. XIX. mendearen erdialdera Nilo ibaiaren sorburuaren bila zebiltzan ingeles esploratzaileak sartu ziren lurraldean. Handik gutxira iritsi ziren lehen misiolariak. 1885ean Afrikaren banaketari buruz Berlinen egin zen konferentzian Ruanda Alemaniaren mendean geratu zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Nazioen Elkartearen aginduz, Ruanda, gaur egungo Burundiko erreinuarekin bat eginda, Belgikaren administraziopean geratu zen (Ruanda-Urundi). Nolanahi ere, koloniaren administrazioak ez zituen Ruandako gizarte egiturak aldatu, eta tutsi jauntxoez baliatu zen biztanleak mendean edukitzeko. Gainera, lurraldearen kokaera eta behartasuna zirela eta, europar gutxi joan zen Ruandara bizitzera. 1950etik aurrera Afrikako herrien burujabetasunaren aldeko higikundea Ruandan barrena zabaldu zen. Gatazka larriak izan ziren. Hutuak, twa pigmeoen laguntzarekin, belgikarren manupetik eta tutsien aginpidetik askatzeko matxinatu ziren. Kigeri V.a erregea eta beste ehun mila inguru tutsi auzo herrialdeetara joan ziren babes bila. Milaka hil izan ziren. Bien bitartean, tutsien aurkako alderdi politikoak sortu ziren. 1960ko hauteskundeetan, Parmehutu edo hutuen askapenerako alderdiak botoen % 70 eskuratu zituen. Ondoren, erreferendum baten bidez, errepublika onartu zen, botoen % 87 aldeko zela. 1962ko uztailaren 1ean, Burundirekin bat egiteari uko egin ondoren, burujabetasuna erdietsi zuen Ruandak.  v  Ruandako errepublika. Parmehutu alderdiko burua, Grégoire Kayibanda, Ruandako lehendakari bihurtu zen. 1973an Juveral Habyarimana jeneralak lehendakaritza kendu zion estatu kolpe baten bidez. Habyarimanak hutuen eta tutsien arteko liskarrak gainditu eta herriaren batasuna lortzearen alde egin zuen. 1978an konstituzio berri bat onartu zen, aginpidea zibilen eta alderdi politiko bakar baten eskuetan uzten zituena. 1983 eta 1988 urteetako hauteskundeetan lehendakari hautatu zuten Habyarimana. 1982-83 urteetan milaka erbesteratu joan ziren Ugandatik Ruandara. Gehienak hutuen garaipenarekin Ruandatik ihes egin eta hogei urtez Ugandan bizitako tutsiak ziren. Ruandak mugak itxi zituen. 1984an, urte askotako lehortearen ondorioak are nabarmenagoak izan ziren, janari urritasun larria izan baitzen. 1986an Ugandak herritartasuna ezagutu zien herrialde hartan 10 urtez baino gehiagoz bizi ziren ruandarrei. 1990eko urritik aurrera Ruandako gobernuak aurre egin behar izan zien, iparraldean, gehienbat tutsiez osatua dagoen Ruandako Herri Fronteko (FPR) gerrillarien erasoei. 1991ko konstituzio berrian alderdi aniztasuna onartu zen, eta 1992ko maiatzaz gero koalizio gobernu batek du aginpidea. Bien bitartean, eta bake itunak gorabehera, etnien arteko gatazkak bere horretan dirau. 1994ko apirilean, Tanzanian bake elkarrizketak egitetik itzuleran, misil batek Ruandako eta Burundiko lehendakariak zihoazen hegazkina jo zuen, eta bidaiari guztiak hil ziren. Gertaera haren ondoren hilketa ugari izan ziren berriz ere Ruandan. Hiru hilabetetan, paramilitar hutuek 800 mila lagun inguru hil zituzten, tutsiak eta hutu moderatuak gehienak, "Des Mille Collines" irratiaren bitartez tutsien aurkako propaganda arrazista inolako neurririk gabe egin ondoren. Gerra zibilak okerrera egiten zuela ikusirik, Frantziak, Estatu Batuek eta Belgikak soldaduak bidaltzea erabaki zuten segurtasuna ziurtatzeko eta atzerritarrei herrialdetik irteten laguntzeko. Gobernua saiatu zen ekonomia suspertzen eta Nazio Batuek genozidiotzat hartu zuenaren errudunen kontrako epaiketak antolatzen. Baina gobernuak ez zuen lortu mendebaldeko herrialdeetatik espero zuen laguntza. 1995 eta 1996 urteen bitartean, ia astero aurkitzen zituzten hilobi komunak, eta bien bitartean, Ruandako gudarostearen eta miliziako kideen indarkeriak hildako gehiago eragiten zituzten. Miliziarrek hil zituztenen artean, asko 1994an gertatutakoaren lekuko ziren, eta beste asko funtzionario hutuak. 1998an genozidioaren erantzuletzat hartzen ziren 22 lagun hil zituzten 1994an sarraski latzenak izan ziren lekuetan. Amnesty International erakundeak parodiatzat jo zituen hilketa haiek, eta bake itxaropen guztiak bertan behera uzten zituztela adierazi zuen gainera. 1994. urteaz geroztik Paul Kagame da lehendakaria.
http://www.gov.rw/