Rohmer, Eric
(Jaiotza izenaz Jean-Marie Maurice Schérer). Frantses zinemagilea eta kritikaria (Nancy, 1920). Zinema irakaslea izan zen eta zinema kritikak idatzi zituen Gazette du Cinéma eta Cahiers du Cinéma aldizkarietan; 1957an Hitchcock-i buruzko liburu bat idatzi zuen Claude Chabrolekin batera. Nouvelle Vague higikundeko kidea izan zen. Hasieran film laburrak egin zituen; 1959an lehen film luzea egin zuen, Le signe du lion (Lehoiaren zeinua). Telebistarako film pedagogikoak ere egin zituen. Rohmer-en filmografiak bi sail nabarmen ditu; Contes moraux (Ipuin moralak) da lehena, zazpi filmetan gizon baten eta bi emakumeren historia umore handiz eta antzezle ezezagunekin, komedia moduan kontatzen duena: La collectionneuse (1967, Bildumagilea), Ma nuit chez Maud (1969, Mauderenean pasa nuen gaua), Le genou de Claire (1970, Claireren belauna). Gero bi eleberri klasiko egokitu zituen: La marquise d’O (1976, O-ko markesa) eta Perceval, le gallois (1978, Perceval, galiarra). 1980tik aurrera Comédies et Proverbes saila (Komediak eta esanzaharrak) egin zuen; egunoroko pasadizoak kontatzen dituzten filmak, hizketen bat-batekotasuna, kronika kutsua eta umorea ezaugarri dutenak eta antzezle ezezagunekin eginak: La femme de l’aviateur (1981, Abiadorearen emaztea), Le beau mariage (1982, Ezkontza ederra), Le rayon vert (1986, Izpi berdea). 1990ean beste sail bat hasi zuen, Contes des quatre saisons (Lau urtaroetako ipuinak): Conte de printemps (1990, Udaberriko ipuina) eta Conte d’hiver (1991, Neguko ipuina). L’arbre, le maire et la médiathèque (1993, Zuhaitza, alkatea eta mediateka) du azken filma.