Rohrer, Heinrich
Suitzar fisikaria (Buchs, Glarisko kantonamendua, 1933). Zuricheko Teknologiako Suitzar Institutuan egin zituen ikasketak eta han lortu zuen doktoregoa. 1961-1963 bitartean Estatu Batuetan lan egin zuen, New Jerseyko Rutgers Universityko ikertzaile gisa, eta ondoren IBM etxeak Zurichen duen ikerketa laborategian hasi zen lanean. Han ari zela sortu zuen Gerd Binnig lankidearekin batera STM mikroskopioa, tunel efektuko lehenengo mikroskopio elektronikoa, zeinari esker iker baitaiteke gainaldeen egitura eta antzeman baitaitezke maila azpiatomikoko xehetasunak. Mikroskopio horretan, Roherrek eta Binnigek atomoetan agertzen diren elektroiak baliatu eta tentsio handiak erabili zituzten, material baten gainaldearen eta mikroskopioaren zundaren artean korronte elektrikoa sortzeko eta teknika berezi baten bidez materiala osatzen duten atomoen "erliebe mapa" lortzeko. 1986. urtean Rohrer eta Binnigek Fisikako Nobel saria eskuratu zuten lan horri esker; saria Ernst Ruskak ere jaso zuen, 1932an lehenengo mikroskopio elektronikoa egin izanagatik.