Rodríguez Adrados, Francisco
Espainiar hizkuntzalaria (Salamanca, 1922). Salamancako Unibertsitatean eskuratu zuen filologia klasikoko lizentzia, 1944. urtean, eta handik bi urtera lortu zuen doktoregoa Madrilgoan. Katedradun izan zen Bartzelonako Unibertsitatean (1951) eta Madrilgoan (1952). Hainbat egile klasikoren lanak itzuli ditu (Tuzidides, Eskilo, Aristofanes eta Sofoklesenak adibidez), eta Historia de la fábula greco-latina lan handiaren zenbait ale idatzi zituen. 1956an Emérita aldizkariko zuzendari izendatu zuten, eta Española de Lingüísticakoa 1970ean. Beste zenbait erakundetan izandako karguez gainera, Sociedad Española de Estudios Clásicos elkartearen lehendakaria da 1985az gero, eta erakunde horretatik lan eskerga egin du grekoa eta latina Espainiako irakaskuntza planetatik desager ez daitezen. 1986an Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC) erakundearen lankide gisa, greko klasikoaren eta Erdi Arokoaren hiztegi bat prestatzen diharduen lantaldearen zuzendari izendatu zuten. Espainiako Errege Akademiako kidea da (1990) eta baita Atenaskoarena ere, ikerketa klasikoen alorrean egindako lanari esker. Sariei dagokienez, Espainiako Itzulpen Sari Nazionala irabazi zuen 1963an Diccionario griego-español lanarengatik. Hogeita hamar liburutik gora eman ditu argitara, antzinako Greziako literatura eta hizkuntzalaritzari buruz, hizkuntzalaritza indoeuroparrari buruz eta hizkuntzalaritza orokorrari buruz. Aipagarriak dira, besteak beste: Evolución y estructura del verbo indoeuropeo (1963, Aditz indoeuroparraren bilakaera eta egitura), Fiesta, comedia y tragedia (1983, Festa, komedia, tragedia), La democracia ateniense (1988, Atenasko demokrazia) eta La historia de la lengua griega (1999, Grekoaren historia).